Koldo Erkiziak zentsura-mozioa aurkeztea eskatu dio alkate egin zuen Onin taldeari

TTIPI TTAPA 2009ko abu. 4a, 17:15

Mendi eta kultur batzordeetan aldaketak eskatu zituen Oninek

Sanferminen aitzinetik egindako batzarrean, Lesakako Onin udal taldeak beregan eta berak egiten duen lanarengan konfidantzarik ez badu zentsura-mozioa aurkeztu dezakeela adierazi zuen Koldo Erkizia Lesakako alkateak.
Adierazpena mendi batzordearekin lotutako eztabaida batean etorri zen, egur loteak hartu dituzten zenbait enpresei kobratu gabe dauden zor batzuen eta exekutatu gabeko abal batzuen inguruan. Onin udal taldeak, alkateak gidatzen dituen Mendi eta Kultur batzordeen berrantolaketa eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen eta lan horiek bertze zinegotziren baten esku uztea proposatzen zuen, alkatetzarekin bateragarriak ez direlakoan. Oninen ustez, legealdiaren erditsua pasatua denean, “garbi antzematen da batzordeak ez direla behar bezain eraginkorrak”.

Alkatearen harridura

Koldo Erkizia harritua gelditu zen Oninen eskariarekin, “Onin eta EA batera gobernatzen ari garela uste nuelako eta nik dakidala ez dago inolako desadostasunik Mendi eta Kultur batzordeetan”. Erkiziaren erranetan, “jende guziak bezala akatsak egin izanen ditut, baina batzordeek ongi funtzionatzen dute, eta orain arte are garrantzitsuagoa izan dena, akordio gehienak batzordeetako kide guzien artean adostu dira”. Mozioa ikusita, beregan konfidantza sobera ez duela eta “zentsura mozioa aurkeztera” gonbidatu du alkateak Onin taldea. “Zentsura-mozioa, neronek ezin baitut konfiantza-mozio bat aurkeztu legeak formula hori gauzatzeko ezartzen dituen baldintzak ikusita. Horixe iruditzen zait etikoena herriaren aitzinean”.

Konfidantza-mozioa tresna erabilgarria da Oninen ustez

Oninek berriz, konfidantza-mozioa erabilgarria izan daitekeen tresna dela aipatu zuen, “baina legealdi honetan, zenbaitetan ikuspuntu desberdinak izan ditugu eta bertze zenbaitetan ados egon gara”. Deñe Abuinek aipatu zuenez, “Earekin udalean lanean ari garen bitartean talde horrek erraten duen guziari baietz erran behar izatea ekarri behar badu, Onin oposizioan egonen da. Hori, beti, alkatearen esku egonen da”.

PNVk oposizioan lanean segituko duela adierazi zuen

PNVk zorrak lehenbailehen kobratzea eskatu zien herria gobernatzen duten bi taldeei. EA eta Oninen konponezinari dagokionez, penagarria dela aipatu zuen Juan Fermin Mitxelenak, “giro hau herrira ere ailegatzen delakoz. Oninek ahalegina egin zuen guri alkatetza kentzeko eta guk argi dugu: gobernuko bi taldeek berek moldatu beharko dituztela udaleko arazoak. Guk oposizioan segituko dugu, lanean; batzuetan ados etorrita, bertze batzuetan kontra egonda”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun