Bandera dantzatu dute lehen aldiz Berako San Esteban egunean

Aitor AROTZENA 2009ko abu. 3a, 16:14
Rafa Etxeberria zinegotzia bandera dantzatzen goitian; Gure Txokoak nagusiak Bordondantzan erdian eta ttikienak Makildantzetako batean. TTIPI TTAPA

Goizeko Bordondantza eta makildantzen ondotik, aurreskuraren txanda izanen da arratsaldean.

Berako San Esteban egunean lehen aldiz banderaren dantza egin dute aurten. Meza ondotik, Berako folklorean berrikuntza bat iragarria zuen Josu Goiak eta horixe izan da banderaren dantza egun handian dantzatzearena.
Baina San Esteban eguneko ekitaldiak goizetik hasiak ziren, txistularien argisoinuarekin. 10:30an Udalbatza, txistulariak eta makil dantzariak, Berako bandera aitzinean zutela, Herriko Etxetik San Esteban elizarako ibilbide laburra egin zuten, San Estebanen ohoretan eta Berako Abesbatzak lagundurik eman den Meza Nagusia aditzera. Fátima Gonzalez Burgeteren zuzendaritzapean, zoragarri abestu du bertze behin Berako Abesbatzak. Meza baino lehen aurreskua dantzatu dute aldarean bi dantzarik.

Banderaren dantza

Meza ondotik, berriz ere Herriko Etxera joan dira dantzariak eta udal ordezkariak, baina bandera balkoira igo baino lehen etorri da beratar gehienek espero ez zuten ezustea. Orain arte, Bestaberri edo Korpus egunean dantzatu da beti bandera, Herriko Etxeko Plazan, Foru Plazan, Altzateko Plazan eta Altzate karrikan, Maritx etxearen parean. Aurten, Rafa Etxeberriak dantzatu du bandera. Dantzariek inguratua eta Alfredo Goienetxe alabarderoa eta Julia Artieda Vila neska ttikia paje lanak betetzen zituela, elizari begira egin du dantza laburra, beratarren txalo zaparrada hartuz.

Bordondantza

Segidan, Gure Txokoa dantza taldeko nagusiek Bordondantza dantzatu dute, txistularien aginduetara, Jon de la Cruz aitzinean zutela. Berekin batera, Iñigo Erkizia, Xabiel Altzuri, Mikel Goienetxe, Mikel Agara, Ibai Iturria, Jon Irazoki, Imanol Moreno, Julen Baleztena, Patxi Castillo, Mikel Morcillo, Iñaki Eskudero, Iñigo Arana, Asier Andueza eta Ander Rodriguezek dantzatu dute. Mikel Morcillo eta Asier Anduezarentzat lehen aldia zen, eta urduri ageri ziren. Baina Mikel Goienetxek aipatu digunez, ez dute aunitzik entseiatu beharrik, ttikitatik ezagutzen duten dantza delako: “Aurreskua bi aste lehenagotik edo hasten gara, eta Bordondantza astebete lehenago edo”. Jon Irazokik erdi irrika aipatu digunez, arratsetan ostatuetan ere saiatzen dira entsaiatzen. Lana gogotik egin behar izaten du Jon Irazoki Sanestebanetan eta eguerdiko dantzak akautu bezain abudo, dantzari jantzia kendu eta Izadi txarangako kamixetarekin ikusi dugu, txingak jotzen baiditu.

Makildantzak eta bertsoak

Baina hori baino lehen, Bordondantzen ondotik, Berako Makildantzen txanda dator. Lehenbizikoa nagusiak egiten badute ere, segidan ttikienen taldeak ere sartu dira plazara dantzatzera. Josema Iriarte txistulariak argitu digu, hamar makildantza egiten direla Beran, tartean Mitzeltene, Mutildantza, Hiru Txito eta zagidantza izenekoak. Txalo zaparrada ederra jaso dute.
Segidan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok bertso saioa eskaini dute Berako Herriko Etxeko balkoitik.

Arratsaldean Aurreskua

San Estebanetan beti berezia izaten den bazkariaren ondotik, arratsaldeko dantzen txanda izanen da. Aitzinetik, 17:00etan Ezpelur tadeko gaiteroek San Jose Zahar Etxean joko dute. Gero, Gure Txokoako dantzariek Aurreskua dantzatuko dute Herriko Etxeko plazan. Goizean aritutako mutilez gain, Jabier Pikabea eta Ibon Erdozain ere aritu dira, 14 urteko dantzariak. Gazteegiak zirelako ez dute goizean dantzatu, baina arratsaldean ez dute hutsik eginen. Mikel Agara eta Jon Irazoki izanen dira mutilen kapitainak. Arratsaldeko dantzetan neskek ere parte hartzen dute: Leire Barrutia, Amaia Izquierdo, Ainara Velez, Maitane Erdozain, Alaitz Arribillaga, Ixone Telletxea, Amaia Espinosa, Gurutze Andueza, Estibaliz Sanchez, Izaskun Zubieta, Maialen Txantre, Ainhoa Lanz eta Ainhoa Retegi, Idoia Irazoki eta Aitziber Esnaola kapitaineki batera. Neska kapitainetako batek ardura berezia izaten du San Esteban egunean, bere etxean hartzen baitute neska dantzariek eta mutilen bi kapitainek bazkalondoko kafea. Beraien gurasoentzat lana ere bada, baina ohore handia batez ere. Gero, etxe horretatik kalejiran joaten dira dantzariak.. Plazan, Mikel Agarak Idoia Irazokiri eskainiko dio aurreskua eta Jon Irazokik Aitziber Esnaolari. Gero, arratsaldeko ohiko dantzak eskainiko dituzte dantzariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun