Berako San Esteban bestetak txupinazoa bota baino lehen hainbat ekitaldi izan ziren aste hondarrean. Ortziral arratsean, Larun Haizpe merkatarien elkarteak “Gure herria lorez betea” izenburupean bigarren urtez antolatutako balkoi lehiaketaren sariak banatu ziren. Ayla argazkidendako Bixente Taberna eta Goiko argazkidendako Martin Goikoetxea argazkilariek, Azalea loredendako Nuria Perezek, Alfredo Goienetxe zinegotziak eta Larun Haizpe elkarteko zuzendaritza batzordeko Adela Arlegik osatutako epaimahaiak bortz sari banatu zituen. Jakina da, herria lau eremutan banatzen dela, baina horietako batean bi sari eman zituzten. Honela, Legia, Kanttonberri, Iturlandeta eta Eztegara inguruan Isabel Etxeberria eta Pakita Goñi izan dira saridunak; Altzaten Maria Nieves Irazoki; Berako plaza inguruan Milagros Irazoki eta Agerra inguruan Josefina Lanz. Saridunek bere balkoiaren argazki bat eta lore-apaingarri bat jaso zuten eta elkarteko jatetxetako batean bi lagunendako afaria izanen dute. Larun Haizpe elkarteak bertze sari bat eman zion, ustekabean, Arantxa Arregi, Cederna-Garalurreko teknikariari.
Imanol Zubieta Fash futbito txapelketa
Bertze aldetik, ortziral arratsean, Imanol Zubieta Fash zenaren omenez seigarren urtez antolatutako futbito txapelketaren finala eta hirugarren posturako norgehiagoka jokatu ziren. Final nagusian, Baietz taldeak 7-2 irabazi zion Zurrut taldeari. Hirugarren posturako lehia handiagoa izan zen eta azkenean, Anbrunak taldeak 5-4 irabazi zion Rezagaus taldeari.
Gure Txokoako dantzarien emanaldia
Larunbateko ekitaldien artean, 4x4 autoen ikuskizuna euripean egin zen Posta inguruan. Aterpean, Eztegara pilotalekuan, Gure Txokoa dantza taldeak urteroko emanaldia eskaini zuen. Normalean bezpera egunean izaten da jaialdian, baina aurten abuztuaren 1a larunbata zenez, bestak ofizialki hasi baino lehen eskaini zuten saio atsegin eta gustagarria. Ttikienetatik hasi eta helduak bitarte, bikain ibili ziren dantzariak.