Rosa Errandoneak bota zuen azkenean San Esteban bestetako txupinazoa

Aitor AROTZENA 2009ko abu. 3a, 14:50
Rosa Errandonea kontent, txupinazoa bota ondotik. Beheitian, erraldoi konpartsa berria gaiteroekin batera. TTIPI TTAPA

Erraldoi konpartsa berria lehen aldiz atera zen

Rosa Errandonea argazkilari ezagunak bota zuen igandean Berako San Esteban bestetako txupinazo ofiziala. Donato Larretxeak zuen egitekoa, baina bezperan Ignacio Agirre aitagarroa hil zela eta, normala denez, zereginari uko egin zion. Bere ordez, txupinazoa baino ordubete lehenago abisua hartu zuen Rosa Errandonea izan zen arduraduna. Beraren alde lan egiten duten guziak gogoan izan zituen Rosak lehen suziria, urduritasunez pizterakoan. Udal ordezkariek aipatu zigutenez, Rosa Errandoneak txupinazoa botatzekoa zuen, baina heldu den urtean, beraz, urtebete aitzindu behar izan du, halabeharrez. Josu Iratzoki alkateak bere doluminak ere helarazi zizkion Herriko Etxeko balkoitik Larretxea-Agirre sendiari.

Erraldoi konpartsa

Baina txupinazoarekin batera, erraldoi konpartsa berria izan zen protagonista. Hiru larunbatez ikastaroa egin ondotik, aspalditik erreleboa eskatzen zuen taldeari txanda eman diote Carlos Pacheco, Mikel Biurrarena Pitxurri, Antton Rodriguez Ttarratto eta Andoni Anduezak. Gaiteroekin egin beharreko dantzak entsaiatu zituzten txupinazoa baino lehenxeago eta ederki bete zuten kilometro terdiko ibilbidea ondotik. Raul Iglesias kultur teknikariak aipatu zigunez, irailean erraldoi berriak eginen dira eta orduan, bertze deialdi bat eginen da erraldoi konpartsa sendotzeko. Txupinazoaren eta ezkil jotzearen ondotik, ohiko kalejira egin zuten buruhaundi eta erraldoiek, Izadi txaranga eta Ezpelur taldeko gaiteroekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun