Iruñeko Itzuliko etapa nagusia irabazi zuen asteazkenean Beñat Txoperena igantziarrak

Aitor AROTZENA 2009ko uzt. 30a, 13:52
Beñat Txoperena bikain ibili zen eta mendiko sailkapen buruan dago orain. TTIPI TTAPA

Sailkapen orokorrean hirugarren da orain Caja Ruraleko txirrindularia

Beñat Txoperena, Caja Rural taldeko txirrindulari igantziarrak garaipen handia lortu zuen asteazkenean, uztailaren 29an, junior mailako afizionatuei zuzendutako Iruñeko Itzuliko bigarre etapan, etaparik gogorrenean. Txirrindulariek bi aldiz igo behar izan zuten Belaskoain eta behin Etxauro eta Girgillanoko kaxkoak eta honenbertzez, indartsuenak gailendu ziren. Horren erakusgarri, asteazkeneko etapan 33 txirrindulari erretiratu ziren.

Ihesaldi bikaina

Eta indartsuenen artean indartsuena Beñat Txoperena izan zen. 82 kilometro zituen etapak eta igantziarrak 60 kilometro eman zituen bakarka. Lehenik, ihesean zegoen taldetxoa harrapatu zuen Lubeko taldek Santiago Ramirezekin batera eta gero biek erasoa jo zuten Belaskoaingo lehenbiziko igoeran. Etiopia Utopia taldeko Unai Intziarte elkartu zitzaien eta hiruek aitzinetik pasatu zuten Belaskoain. Baina ondotik Etxauriko gaina heldu zen eta hor Intziarte gibelera gelditu zen. Beraz, Ramirez eta Txoperena elkarlanean aritu ziren, baina Girgillanora igotzen ari zirela, erasoa jo zuen igantziarrak eta gibelean utzi zuen Ramirez, Espainiako txapelduna junior mailan. Orainik kilometroak gelditzen ziren, baina Txoperena bakarrik ailegatu zen helmugara. 59 segundu atera zizkion Ramirezi eta 1:25 tropel ttikiari.

Hirugarrena sailkapen orokorrean, bigarrena erregulartasunean, lehenbizikoa mendikoan

Honenbertzez, etapa irabazteaz gain, sailkapen orokorrean hirugarren postuan paratu da Beñat Txoperena, Cafés Gometero taldeko Efren Carazotik 35 segundura. Hori bai, lehenbiziko nafarra da sailkapen orokorrean, lehenbizikoa mendiko sailkapenean ere eta erregulartasunaren sarian bigarren.
Sailkapen orokorreko borrokan segituko duela adierazi du Txoperenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun