Berako Kaxerna Gaztetxeak Gaztextebanak ospatuko ditu

ttipi-ttapa 2009ko uzt. 29a, 16:41

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte bestetarako

Berako San Estebanbesten barrenean ekitaldi ugari antolatu ditu Kaxerna Gaztetxeak, Gaztextebanak izenburupean. Ortziralean, uztailaren 31n, Imanol Zubieta “Fash” futbito txapelketaren finala eta hirugarren posturako partidak jokatuko dira eta gero afaria izanen da Zubiondon. 21:00etan txosna irekiera eta txistorrada eginen dira eta gauerdian Gaztextebanen igoera. Larunbatean, abuztuaren 1ean, katiuska jaurtiketa eginen da 19:00etan eta 23:00etatik aitzinera kontzertua eskainiko dute Willies Drumond, Ama Say eta Gaztetxe Band taldeek.

Aulki jokoa eta makil dantza

Igandean, abuztuaren 2an, presoen aldeko kalejira eginen da eta musikaren deskantsuan aulki jokoa antolatu dute gazteek. Astelehenean, abuztuaren 3an, musikaren deskantsuan Makil Dantza izanen da.

Asteartea egun potentea

Beharbada asteartea, abuztuaren 4a izanen da egunik indartsuena Kaxerna inguruan. 14:00etan gaztetxe bazkaria izanen da eta bertsotan Xabier Silveira eta Ministro, Julen Zelaieta eta Julio Sotorekin ariko dira. Gero, bertso poteoa izanen da, Dirt Jump eta luntxa eta gaueko 22:00etan kontzertua Ras Miguel eta DJ Stepirekin.

Gaztetxe Pitxon eta entzierrua

Asteazkenean, abuztuaren 5ean, 19:00etan toka izanen da eta musika deskantsuan Gaztetxe Pitxon. Ortzegunean, abuztuaren 6an, azkenik, musika deskantzuan entzierroa izanen da Uraldeatik txoznetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun