Munduko Ironman gogorrenean bikain ibili dira bi lesakar

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 28a

Bixente Igarzabal eta Alejo Sarobe, Altriman bukatu eta sariak jaso ondotik. TTIPI TTAPA

Bixente Igarzabal bosgarren eta Alejo sarobe hogeitabatgarren izan ziren Altriman proban

Uztailaren 17tik 19ra burutu zen Frantziako Les Angles ski estazioan Festricap-en lehen edizioa, Capcireko triatloi festibala alegia. Jaialdi honen barrenean 7 triatloi antolatu zituzten, formatu ezberdinetan (Ironkid, Sprint, Olinpikoa, Ironman Erdia, Ironman…). Horietako bat zen Altriman, proba nagusia, 3,8 kilometro igerian, 188 km bizikletan eta 42,195 kilometro, maratoia, lasterka. Aipatzekoa zen bizikletaz egin beharreko ibilaldia, 5.060 metroko igoera pilatzen baitzuen eta zazpi mendate igo behar zirelako (Col de la Quillane, Col de la Llose, Col de la Creu, Port de Pailheres, Col de Pradel, Col de Garavel y Col des Hares), ikuspegi zoragarriekin, baina aldi berean, baldintza metereologiko gogorrekin. Orain arte Embrunman proba zeukaten Munduko Ironman gogorrenatzat, baina honek gainditu du.

119 triatleta

Uztailaren 18ko goizaldeko 5:35ean, 3 graduko tenperaturarekin abiatu ziren 119 triatleten artean zeuden Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobe, Beti Gazte taldeko lesakarrak. Biek proba ederra egin zuten eta bosgarren eta hogeitabatgarren postuetan sailkatu ziren. Bixentek ordubete, 18 minutu eta 22 segundu behar izan zituen igerian; 7 ordu, 48 minutu eta 27 segundu bizikletan eta 4 ordu, 4 minutu eta 34 segundu maratoian. Guzira 13 ordu eta 20 minutuko lana eta bosgarren postua saritzat. Gainera, Bixente izan zen bizkorrena bizikletaz egindako zatian. Alejo Sarobek berriz, ordubete, 20 minutu eta 13 segundu behar izan zituen igerian, 9 ordu eta 42 segundu bizikletan eta 4 ordu, 48 minutu eta 18 segundu lasterka. Denera, 15 ordu eta 15 minutu eta 21. postua sailkapen orokorrean.

Abuztuaren 15eko Embrunman-a prestatzen

Orain, bi lesakarrak abuztuaren 15ean Embrunen (Alpe frantziarrak) eginen den Embrunman proba prestatzen hasiak dira.
Aipatzekoa da Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobe kirolari handiak direla, hainbat txirrindularitza eta lasterketa probetan parte artesas gain, sokatiran Munduko txapeldun izanak dira Beti Gazterekin 1999an (Carlow, Irlanda), 2000an (Slagharen, Holanda) eta 2004an (Glasgow, Eskozia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun