1.650 txirrindularik parte hartu zuten 18. La Miguel Indurain proban

Aitor AROTZENA 2009ko uztailaren 27a

Goitian, Indurain eta Patxi Vila ibilbide luzeko irteerako zinta mozten, Enrique Irazokirekin batera. Erdian, ibilbide laburreko irteera, tartean hirugarren izan zen Juan Carlos Garro beratarra. Behei

Errepidearen egoerak zenbait zulatu eta erori eragin zituen

1.650 txirrindularik parte hartu zuten igandean Beran, La Miguel Indurain ibilaldiaren hemezortzigarren edizioan. Horietatik 425ek ibilaldi luzea aukeratu zutn, 186 kilometrokoa eta 1.225ek, berriz, 113 kilometroko ibilbide laburra hautatu zuten.
Aurtengoan Miguel Indurain berak moztu zuen irteerako zinta, Patxi Vila, Xabier Zandio eta Romain Sicard txirrindulari profesionalak lagun zituela. Igandean, N-121-A errepidea izan zen protagonista proba hasi baino lehenago ere. Hainbat partehartzaile obretako semaforoetan geldirik zeudela eta, bi irteerak ordu laurden gibeleratzea erabaki zuen Club Ciclista Beratarra antolatzaileak eta gero, behin proba hasita, bideko zuloek hainbat zulatu eta erori eragin zuten. Antolatzaileak haserre zeuden, zuloak estaltzea eta semaforoak egun honetan kentzea eskatu baitzuten.

Ibilbide laburra

C.C. Beratarra taldeak proba disfrutatzeko dela jakinarazi du behin eta berriz, baina jakina, beti izaten da konpetitzeko grina ateratzen duena eta, gainera, lehenbizikoentzako sariak izaten direnez, lehenbizikoen artean norgehiagoka handia izaten da. Ibilbide laburra bukatzen azkarrena Irungo Josean Larrea izan zen, 3 ordu, 2 minutu eta 39 segunduko denborarekin. Ekleylson Marqués Da Silva usurbildarrak 2 segundu gehiago behar izan zituen eta hirugarren postua, Juan Carlos Garro beratarrarentzat izan zen. Garro mendi bizikletan eta ziklo-krossean punta-puntan ibili zen bera garaian eta errepidean ere ederki moldatzen dela erakutsi zuen. Emakumezkoen artean, lapurtarrak gailendu ziren, Sylvie Sarcou baionarra izan baitzen azkarrena, eta gibeletik, Flore Lefevre hendaiarra eta Dominique Hiribarren urruñarra izan zituen. 18 eta 34 urte artekoetan Estibaliz Goienetxe beratarra nagusitu zen.

Ibilbide luzea

Ibilbide luzean, berriz, Villamediana de Ireguako Emilio Monagas errioxarra izan zen bizkorrena, 5 ordu, 22 minutu eta 28 segunduko denborarekin. Iaz hirugarren izan zen errioxarra. Bigarren, joan den urtean bezalaxe Iñaki Martiarena irundarra izan zen eta hirugarren Miranda de Ebroko Teodoro Luis Casabal. Emamumezkoetan, sprinta izan zen Basauriko Virginia Lotina eta Sabiñanigoko Magdalena Anguloren artean. Azkenean bizkaitarra gailendu zen, 6 ordu, 34 minutu eta 36 segunduko denborarekin. Hirugarren, Monika Daza donostiarra izan zen.

Granadatik Berara

Baina lehenbiziko postuak alde batera utzita, txirrindulari guziak protagonista izaten dira La Miguel Indurain proban, bakoitzak bere historia baitu. Baziren Granadako Sierra Nevadatik etorritako txirrindulariak, tartean 68 urteko Luis Sanchez de Miguel. Bere kategorian hirugarren izan zen eta kamioiekin tuneletan beldurra pasatu zuela zioen. Duela hamar urte parte hartu omen zuen Berako proban, eta geroztik, gauza batengatik edo bertzearengatik ezin etorri. Aurtengoan, bere taldeko bi lagun ere ekarri zituen.

250 boluntario lanean

Eta nola ahantzi C.C. Beratarrak, Enrique Irazokiren gidaritzapean biltzen dituen 250 boluntarioak: izen-emateak egiteko, bidegurutzeak zaintzeko, jan-edatekoak banatzeko, sailkapenak egiteko... Denak beharrezkoak, La Miguel Indurain proba hau arrakastatsua suerta dadin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun