Uztailaren 25ean, larunbatarekin, Mendi Bizikleta Jautsiera antolatu du Igantziko Biltoki elkarteak. Bertze 12 probekin batera, Extrem Norte Openerako puntuagarria izanen da eta Igantzikoa zortzigarrena izanen da.
Ibilbidea urterokoa izanen da, Fraingo antenatik abiatu eta ur depositu zaharrean barna Osasun Etxera ailegatuko dira txirrindulariak. Ibilbidea ezagutzeko, goizean 10:00etatik 14:00etara entrenamenduak eginen dituzte, eta arratsaldean jautsiera. Lehenbiziko txandakoak 15:00etan abiatuko dira eta bigarrenekoak 17:00etan. Lasterketan parte hartzeko 15 euro ordaindu beharko dira izen-ematea aitzinetik eginez gero, eta 20 euro egun berean.
Horrez gain, arratsaldean, aparkalekuan ikuskizuna izanen da, saltoak egiten ariko baitira txirrindulariak. Egunari akabera emateko, berendu-afaria eginen da.
Laguntza ezinbertzekoa
Zirkuituko 16 puntutan egoteko jendea behar da eta horretarako laguntza eskatu du Biltoki elkarteak. Guttienez 18 lagun beharko omen dira eta 15 egun lehenagotik laguntza nork emanen duen zehaztua izatea nahitaezkoa izanen da.
Bertzalde, aipatu, irailean mendi bizikleta ibilaldia eginen dela.