La Miguel Indurain Nazioarteko Txirrindularitza ibilaldiaren hemezortzigarren edizioa eginen da igandean, uztailaren 26an eginen da eta urtero bezalaxe, bi ibilaldi izanen ditu aukeran, Club Ciclista Beratarrak antolatutako probak. Luzea, 186 kilometrokoa, goizeko 8:30ean abiatuko da eta laburrena, 113 kilometrokoa, goizeko 9.00etan. Guzira, 2.000 txirrindulazale espero dituzte egun horretan Beran. Ibilbide luzekoek, Beratik Belateko kaxkora igoko dute, gero Egozkueko kaxkotik Eugira jautsi eta Artesiaga igo ondotik Iruritara jautsiko dira. Zigako gaina pasatuta berriz ere Belate igoko dute, eta bigarren itzuli horretan, Ultzama aldera pasatuko dira. Orokietako gainetik pasatu ondotik, Doneztebera jautsi eta Berara bueltatuko dira. Antolatzaileek ibilaldi izaera ematen badiote ere, badira konpetizio gisa hartzen duten txirrindulariak ere. Alde horretatik, markarik onena Mikel Azparrenek egin zuen 2007an, 5 ordu eta 10 minutuz osatu baitzuen 186 kilometroko ibilbidea. Palmaresean, lau aldiz irabazle izan da Ivan Santurde kantabriarra, 2003, 2005, 2006 eta 2008an.
Ibilbide laburrekoek, Beratik Belate igo eta zuzenean sartuko dira Ultzamara. Orokietako kaxkoa igaro eta berriz ere Berara bueltatzeko, 4 ordu eskaseko ibilaldian. Hain zuzen, markarik onena Gernikako Antonio Alcañizek egin zuen iaz, 3 ordu, minutu 1 eta 7 segunduko denborarekin.
Dortsalak eta azken izen emateak
Azken izen emateak eta dortsalen hartzea, uztailaren 25ean 15:30etik 21:00etara eta probaren egun berean, goizeko 6:30etik ibilaldia hasi baino ordu erdi lehenago arte., Toki-Ona kiroldegian jarriko den bulegoan egiten ahal dira.
Probaren egunean 250 lagun ariko dira lanean eta hornidura guneak izanen dira Belate, Orokieta eta Artesiagako kaxkoetan. 5.000 barrita energetiko, 700 kilo fruta (sagarrak, platanoak eta laranjak), 60 kilo irasagar eta galleta; 9.000 botil freskagarri eta 4.000 litro ur eta 800 litro edari isotoniko banatuko dira.
Proba bukatzean ere, denentzako janaria eta opariak izanen dira eta egindako denborarekin eta sailkapenarekin diploma jasoko dute txirrindulariek. Laguntzaileentzat bidai turistikoa izanen da eta horretarako aitzinetik izena eman beharko da eta arratsean herri afaria, nahi duen guziarendako. Interesatuek uztailaren 24a baino lehen eman beharko dute izena.