Manttale Ttiki Atletismo eskolak bere lehen ikasturtea bukatu du Beran. Inguru honetan neska-mutikoei lasterka egiten erakusten dien eskola bakarra da Manttale Mendi Lasterketa Taldeak bultzatutakoa. Kirol magisteritza ikasten duen Jone Zelaieta beratarra hasi zen monitore, baina laguntzaile izan ditu Iñaki Pikabea, Cristina Arbues, Patxi Irazoki eta bertze zenbait korrikalari ere. Izan ere, Iñaki Pikabeak aipatu digunez, «ez genuen halako arrakastarik espero, 30 haurretik goiti etortzen ziren larunbatero eta adinaren arabera bi taldetan banatu genituen eta gu laguntzeko hor izan gara. Lau lagunekin ongi moldatu gara, bi lagun ttikien taldearekin, 7-10 urte artekoekin eta bi handienen taldearekin, 11-14 urtekoekin». Dena den, adinean mugarik ez dutela paratzen ere erran digu Pikabeak. Gehienak Berakoak badira ere, Igantzi, Arantza eta Lesakatik ere etortzen dira korrikalari batzuk.
Larunbat goizetan bildu dira, denak libre xamar zuten egun bakarra zelako. Izan ere, Manttale Atletismo eskolan ari diren neska-mutiko gehienak saskibaloian, futbolean, pilotan edo bertze kirolen batean aritzen dira eta ingelesa edo musika ere ikasten dute. Manttale eskolaren lehen helburua «haurrei lasterka egiten erakustea izan da, aktibitate eta ariketa ezberdinekin teknika erakutsi… honela gustura etorri dira, kontua ez baitzen matxakatzea eta izugarrizko ahalegina egitea».
Mendialde osoan dagoen atletismo eskola bakarra izanik, ardura berezia ere bada, baina alde horretatik lasai dago Pikabea: «Patxi Irazokik eta nik gure esperientzia jartzen dugu, guk arituz eta ibiliz ikasi baitugu dakigun pixarra, baina Jonek eta Cristinak hori ikasia dute eta umeekin esperientzia dute, horrek lasaitasuna ematen du. Gauza teorikoa beraiek erakusten diete eta guk alde praktikoa lantzen dugu eta gainera, lasterketetan ikusten gaituzte eta nolabaiteko ispilua ere badute gurekin, horrek ere balio du».
Gustura somatzen zaio Iñakiri esperientziarekin, «izugarri polita izan da, hagitz aberasgarria da». Eskolara joaten diren umeen artean, badira batzuk konpetitzea gogoko dutenak eta bertze batzuk kirol pixka bat egiteagatik joaten direnak. «Maila ezberdinak daude: badira lasterka hagitz ongi egiten duten haurrak, eta horiei pixka bat gehiago eman behar diezu, lasterketetara joatea gustatzen zaie. Bertze batzuk ongi pasatzera etortzen dira, badira deus egiten ez duten haurrak ere eta hauentzat deskubrimendu handia izan da, zerbait egiteko modu erraza eta xinplea baita. Bertze kirolak egiteko zailtasunak dituztenak etortzen dira eta jokuak egiten dituzte, lagunartean ongi pasatzen dute…».
Azken finean, kirola egitea osasungarria dela erakutsi nahi dute Manttale Ttiki eskolan, «lasterka egiten eta kirol egiten erakutsi, nola egin behar den barneratu eta gero, denborarekin, norberak ezarriko du zein mailatan ari nahi duen».