Ortzegun honetan, ekainaren 23an, Behobiako Eraiki dantza taldeak antolatzen duen Bidasoaldeko XIII. Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdiko saioa izanen da Berako Altzate Plazan 20:00etan. Euria eginen balu Altzateko pilotalekuan eginen litzateke saioa. Gure Txokoa dantza taldeak eta Berako Udalak lagundutako saio honetan, Errusiako Krasnodar eskualdeko Tanok taldeak, Venezuelako Guanareko Danzas Temerí eta Behobiako Eraiki dantza taldeak berak hartuko dute parte.
Tanok taldea
"Tanok" dantza taldea 1970ean sortu zen eta gaur egun, 100 dantzarik osatzen dute, 6 eta 20 urte bitarte. Hiru belaunaldietan bereizten dira (haurrak eta hasierako partaide izan zirenen ilobak). Belaunaldi ezberdinen jarraipen honek Kultura, Folklore edo eta musikari ematen dio indar gehien. Azken urte hauetan taldeak hainbat Nazioarteko Folklore jaialdietan parte hartu izan du, hala nola, Italian, Grezian, Turkian, Serbian, Polonian eta Estatu Batuetan. Edonon, esan beharra dago nahiko arrakastatsu suertatu dela ikusleen artean. Errepertorioak dantza Kosakoak eta borobilean dantzatzen direnak ere erakusten ditu, Krasnodar eskualdeko Folklorean oinarritzen direnak, hain zuzen bertako familiek ttikitatik abesten eta dantzatzen dutelako. Taldeak ere, instrumentu tradizionalez osatutako orkestra bat ekartzen du, "Barynia" izenekoa, non haurrek balalaika-k, eskusoinuak, zhaleika (haize instrumentu errusiar bat) eta perkusiozko bertze instrumentuak jotzen dituzten. Esaterako, koilareak, kastañuelak, danborrak, etab.
Danzas Temerí taldea
Temeri dantzak fundazioa 1982ko abenduan sortu zen eta Venezuelako balore kulturalen difusioan aritu da lanean geroztik. Dantzaren promozioa eta formazioa bi eratan tratatzen da Venezuelan: dantza tradizionalaren bidez, non jatorria eta identitateari ematen zaion garrantzia gehien, batetik. Eta bertzetik, dantza kontenporaneoaren bidez, formazio teknikoago bat jarraituz, gizartearen garapena ikasiz eta mugimenduaren bitartez espresioak antzeztuz. "Temeri" Rio izen portugesaren hitz indigena da eta gaur egun 100 bat haur eta nerabez osatuta dago. Kultura ministerioaren (IAEM) eta Portugal estatuko Kultura sailaren (ICEP) menpe dago eta zuzendaria Tatiana Gomez Orozco emakumea da, dantzari aparta bera. "Temeri dantzak" Venezuelako folklore tradizionalaren aldeko taldea da eta hainbat jaialdietan hartu izan du parte, ikusleei dantza tradizionalaren hoberena emanez.
Eraiki dantza taldea
Irungo Behobia auzoko gazte talde batek Eraiki Dantza Taldea sortu zuen 1978an, hasieratik Euskal Herriko folklorea bizirik mantentzeko lanetan aritu den taldeetako bat izan dena. Gaur egun 150 bat dantzari ditu, 5 urtetatik helduetaraino direnak. Antzezten duen folklorea Euskal Herria osatzen duten 7 probintzietakoa da, beti ere gure arbasoek utzitako ondareak ahalik eta era kutsagabeenean azaldurik, garrantzi handiena garaiko eta probintzia bakoitzeko jantziei eta musika instrumentuei emanez. 1997an Eraiki Dantza Taldeak lehenengo Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore jaialdia antolatu zuen, helburu nagusiena munduko kultura eta ikuspuntu ezberdinak ezagutzea zelarik, horretarako erabiltzen den tresna nagusia folklorea delarik.