140 langile kaleratu nahi ditu Zalaingo Condesa lantegiak

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 21a

Borondatezko bajak onartzen ditu momentu honetan

Maiatzaren 25az geroztik, Zalaingo Condesako langileak erregulazioan daude eta urte akabera bitarte horrela egonen direla iragarria dago. Etorkizunera begira ere ez du berri onik eman zuzendaritzak. Uztailaren 9an egindako bilkuran Bideragarritasun Plana aurkeztu zuen eta horren arabera, Zalaingo lantegia bideragarria izateko aukera bakarra, Zalain Transformadoseko Hitzarmena baztertu eta Nafarroako Metalgintzako Hitzarmena indarrean jartzea da. Bi hitzarmenetan, baldintzak diferenteak dira, eta aldaketa ez da langileen mesederako. Horrekin batera, 140 kontratu eten nahi ditu zuzendaritzak, eta kaleratzeagatik langileak lan egin duen urte bakoitzeko, 20 eguneko soldata jasoko luke kalte-ordainetan, baina 12 hileko mugarekin. Baliabide ekonomiko faltagatik Soldata Bermatzeko Funtsari mailegua eskatzeko asmoa ere iragarri du enpresak. Horrekin batera, baldintza ekonomiko berdinetan borondatezko bajak ere onartzen dituela ageri da Condesaren proposamen berrien artean.
Zuzendaritzak bere asmoen berri eman ondotik, langileen ordezkariekin bilerak egitekoak ziren. Asanblada orokorra ere egitekoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun