Segidan ailegatuko dira 2010eko Sanferminak!

Aitor AROTZENA 2009ko uztailaren 21a

TTIPI TTAPA

Kasinoko Josefina Sagardiak eta Beti Gazteko talde nagusiak bota zuten txupinazoa eta Betizuak peñak Tomasito Rekondo omendu zuen 25. urteurrenean

Joan dira bertze urte batez Sanferminak. Josefina Sagardia Kasinoko etxekoandreak, 55 urtez egin duen lana eskertuz, eta aurten Preferentera igotzea lortu duen Beti Gazteko futbol talde nagusiko jokalari eta entrena­tzaileak izan zuten txupinazoa botatzeko ohorea. Segidan, ttikien danborradak musika bandaren laguntzaz eta trikitilari, txistulari eta akordeolari taldeen kalejirek hartu zuten txanda eta arratsaldean, Tantirumairu euskal folklore taldeak urteroko emanaldi arrakastatsua eskaini zuen.
Sanfermin Egunean, euriaren beldur ez zen prozesiorik egin, baina Zubigainekoak ez zuen hutsik egin. Segidan, bandera dantzatu zuen Pello Apeztegiak eta Ziarkakoa dantzatu zuten ezpatadantzariek plazan. Arratsaldean, Bezperen ondotik, Mutildantza, Neskadantza, Pello Etxebeste kapitainaren Aurreskua, jota eta porrusalden txanda izan zen, neska dantzariak ere bertan zirela.
Peñen Egunak ere izan zuen berezitasunik aurtengoan. Betizuak peñak bere 25. urteurrena modu berezian ospatu nahi izan zuen eta goizeko danborradan omenaldia eskaini nahi izan zion 2000. urtean hil zen Tomasito Rekondo kideari. Honela, peñakideek bere izena zeraman blusa eta bere argazkia zuen ikurra eman zioten Mari Carmen Ferrero amari, honek urtero blusa jartzen baitu etxeko balkoian peñen jautsieran. Ikurra zezenen orduan Tomasitok hartzen zuen Kasinoko leihoan zin­tzilikatu zuten. Bai danborradan, bai arratsaldeko jautsieran ere Betizuak peñako kideek protagonismo berezia izan zuten. Latsaga peñakoek ere, hildako kideen aldeko brindisa egin zuten eguerdian.
Haurren Egunean eta Bikoteen Egunean ere izan zen animazioa herrian. Egun honetan, Txakaingo igoera eta jautsiera karrikak eta akanpalekuak bete zituen jendetzaren artetik egin behar izan zuten dantzariek, baina giro ederra izan zen. Ortziral eta larunbat arratsetan jendez gainezka egin zuten herriko karrikek, nahiz eta, bertze urte batzuetan baino jende guttiago zegoela iruditu. Larunbatean, ostatuek antolatutako ekitaldiak izan ziren akanpatzeko eremuan. Besta ederrak joan dira eta guttiago gelditzen da 2010. urteko Sanferminetarako!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun