Luis Mari Pikabea Loro, Xabier Zubieta Zubi eta Xabier Saralegi omendu zituzten lagun eta senideek joan den uztailaren 4an Taillon mendian. 2007ko urtarrilaren 13an mendi horretan zendu ziren hiru mendizaleak, eta haien omenez, 3.144 metro dituen kaxkora igo ziren hemendik joandakoak. Bi ordu eta erdiko igoeraren ondotik, lore-sorta tontorrean utzi zuten. Handik jautsita, Taillonerako igoera hasten den Bujaruelo inguruan segitu zuen omenaldiak. Hiru mendizaleak oroituz, eskultura bat paratu zuten, Santa Barbaran orain dagoenaren antzekoa, baina tamainaz ttikiagoa. Gavarnie inguruan bazkaria eginez, bukatu zituzten eguneko ekitaldiak.