"Hebendik harat" ikuskizuna ailegatuko da astearte arratsaldean Lesakara

ttipi-ttapa 2009ko uzt. 21a, 15:47
Amaren Alabak taldeak kantaldia eskainiko du astearte arratsean. TTIPI TTAPA

Larunbatean berriz, erromeria eguna izanen da

Uztailaren 21ean, asteartean, “Hebentik harat” ikuskizuna ailegatuko da Lesakara. Arratsaldeko 1:30ean Zuberoako dantzak izanen dira. Gaueko 22:00etatik aitzinera, Amaren Alabak Zuberoako kantarien txanda izanen da. Plazan hasiko dute kantaldia eta ibilbide baten ondotik, ikastolan bukatuko dute ekitaldia. Segidan har emana izanen da dantza, musika eta clownarekin ikastolako pilotalekuan. Sarrera doan izanen da.

Uztailaren 25ean erromeria

Uztailaren 25ean, larunbatean, berriz, erromeria eguna izanen da Lesakan. Eguerdian poteoa izanen da trikitilariekin eta segidan bazkaria. 18:00etan Meaka dantza taldeak emanaldia eskainiko du plazan eta ondotik, erromeria izanen da plazan, Itxaso eta Irune Elizagoien Etxalarko trikitilariekin. Etxalarko bi ahizpek Lesakako trikitixa txapelketa irabazi zuten uztailaren 5ean.

Pikabearen erakusketa

Lesakako kultur egitarauarekin bukatzeko, uztailaren 14tik abuztuaren 23ra zabalik dago Juan Carlos Pikabea margolariaren erakusketa, Irisarri etxean. Egunero arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara zabalik izanen da eta sarrera doan da. Informazio gehiagorako 629 616676 telefonora deitu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun