Nafarroako Federazioaren futbol campusaren lehen txanda uztailaren 13tik 19ra egiten ari dira Lesakan

Aitor AROTZENA 2009ko uzt. 17a, 15:51
Futbol campuseko lehen txandako mutikoak eta monitoreak. TTIPI TTAPA

Aste honetan 11-12 urteko mutikoak ari dira eta hurrengoan 9-10 urtekoak izanen dira

Nafarroako Futbol Federazioak, Erriberako Futbol Eskolaren bitartez antolatzen duen kanpusaren lehenbiziko txanda egiten ari dira aste honetan Lesakan. Chus Rodriguez arduradunak aipatu digunez, hameka eta hamabi urte arteko 60 bat mutiko ari dira uztailaren 13tik 19rako aste honetan, eta ttikixeagoak, bederatzi-hamar urtekoak ariko dira heldu den astean.

60 mutiko eta 8 monitore

Zortzi monitore ari dira lanean, Jose Mari Pastor, Javier Rodriguez, Juan Mari Campo, Pablo Martinez, Roberto Ramos, Daniel Castillo, Mikel Corera eta Hugo Galilea, astebururako etortzen den Josu atezainen entrenatzailearekin batera. Guziek futbol entrenatzaile titulua dute, gehienak Soin Hezkuntzan lizentziatuak dira eta batzuk futbol jokalariak ere badira. Hainbertze partaide izanik, hiru multzotan banatzen dira eta horietatik bi Mastegi futbol zelaian trebatzen diren bitartean, bertze batzuk Beti Gazte elkartearen egoitzan aritzen dira teorika ikasten, mahai-jokoetan, Fi-futbolean edo bideoak ikusten, eta bertze batzuk, Irain eskolako pilotaleku eta patioan aritzen dira bertzelako ariketak eginez, eta txandaka ibiltzen dira batetik bertzera. Horregatik, Chus Rodriguezek eskerrak ematen dizkie bai Lesakako udalari, bai Beti Gazte elkarteari, ematen dituzten erraztasunengatik. Izan ere, campus honen hamazazpigarren edizioa da aurtengoa eta Lesakan egin dira azkeneko zortziak. Berez Erriberako Eskolak gauzatutakoa izanik, Cabanillas, Lodosa, Gares eta Beiren eginkatu dute, baina Lesakan laketu dutela onartu du Rodriguezek.

Nafarroa osokoak, baita Errioxakoak ere

Mutikoak Nafarroa osotik datoz, tartean hiru lesakar ere badaude, baita Errioxatik etorritakoak ere. Heldu den astean, ttikixeagoak etorriko dira. Gero, uztailaren 27tik abuztuaren 2ra, berriz ere euskal futbol kanpusaren txanda izanen da. Beraz, kasik uda osoa futbolari gaztetxoz betea egoten da Lesaka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun