Bera izen ofizial bakartzat onartu delako kontent agertu dira Udala eta Euskara Batzordea

Aitor AROTZENA 2009ko uztailaren 15a

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erabakiaz aritzeko Berako udaletxean elkartu dira Ramon Elgorriaga zinegotzia, Bittori Telletxea Euskara Batzordeko kidea, Urko Ikardo euskara teknikaria, Josu Iratzoki

Nafarroako Auzitegi Nagusiari ezin zaiola helegiterik paratu jakinarazi du Unai Iturriotz abokatuak

Berako udalerriaren izendapen ofiziala bakarra Bera izan dadin Nafarroako Auzitegi Nagusiak kaleratutatako epaiaren gaineko balorazio hagitz baikorra egin du Berako Euskara Batzordeak eta Udalak, asteazken goizean prentsaurrean. Urko Ikardo Bortzirietako Euskara teknikariak aipatu duenez, “pozteko moduko albistea da, erakusten duena lana gogotsu ginez helburuak lortzen ahal direla. Hemendik aitzinera denoi dagokigu, udalaren gidaritzapean, heriaren berezko izena eta ofiziala den bakarra, esparru eta euskarri guztietara zabaltzea”.
Izendapenaren inguruko eskakizuna duela hiru hamarkada hasi zela gogoratu du Ikardok, eta orduko saiakerek fruiturik eman ez bazuten ere, “hazia ereinda utzi zuten bederen”. Lehenagotik bertze saiakerak egin baziren ere, 2006an Bera herriko izen ofizial bakarra izan zedin urrats eraginkorrak gorpuztu ziren. Herrian egin zen Nafarroa Oinezen karietara, Euskaltzaindiari Beraherri izenari buruzko txostena eskatu zitzaion eta Onomastika Batzordeak, Andres Iñigo batzordeburuaren agindupean, txostena onartu zuen 2006ko irailaren 22an. Txostena udalera igorri eta jendaurrean aurkeztu zuten urriaren 6an. Txostenak Euskaltzaindiak lehenago hartutako bi erabaki zituen oinarri, 1979koa Euskal Herriko udalen izendegia zehazten zuena bata eta bertzea, 1986ko Euskararen Legearen agindua betetzearren, aurreko erabakia berresten zuena. 1989an, Euskaltzaindiak Bera bakarrik proposatu zuen izen ofizial gisa, baina Nafarroako Gobernuak Bera/Vera de Bidasoa.

Vera de Bidasoa, 1916an ezarritako izendapen arrotza

Urko Ikardok adierazi duenez, “Vera de Bidasoa izendapen arrotza eta kanpotik ezarria da, Espainiako Gobernuak 1916an hartutako erabaki administratibo bat du oinarri. Mendeetan Bera soilik izan zen herriaren izendapena, baina Espainian erdal grafian Vera izena zuten herriak elkarrengandik bereizteko aldaketa inposatu zuten: Vera izena Almerian dagoen herriarentzat utzi zuten eta Vera de Bidasoa sortu”. 2008ko urtarrilaren 17an egindako bileran, Berako Udalak herriaren izen ofiziala aldatzea erabaki zuen, Bera izanen zen aurrerantzean herriaren izen ofizial bakarra. Nafarroako Gobernak ez zuen onartu eta erabaki honen kontra, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean, administrazio-gatazka helegitea paratzea erabaki zuen Berako Udalak”.

Herriaren toponimo bakarra Bera dela frogatu da

Hain zuzen, Unai Iturriotz abokatuak ordezkatu zuen udala epaiketan eta Berako udalak lortutako dokumentazio eta agiri pila goraipatu nahi izan ditu. Bere argudio nagusia, “betidanik herriaren toponimoa Bera izan dela eta de Bidasoa, ezer eransten ez duen gehiketa artifiziala” dela frogatzea izan da. Horretarako, hainbat agiri aurkeztu zituen udalak. Nafarroako Gobernuak, aldiz, bere argudioak berresteko ez du froga bakar bat ere aurkeztu. Honela, epaiak berak argi agertzen du “froga ugari aurkeztu dituela Berako Udalak”. Gainera, abokatuaren ustez, Nafarroako Gobernuaren erabakia berdintasun printzipioaren kontra doa eta horren adibidetzat jarri zuen eskualdeko bertze herri baten adibidea: “1989an Urroz de Santesteban izatetik Urrotz izatera pasatu zen Malerrekako herriaren izen ofiziala eta, aldiz, Beran ez zen hori onartu”. Nafarroako Gobernuak bere ekintzen kontra jokatzen duela ere argudiatu dute abokatuek, berak argitaratutako hainbat agiri ofizialetan Bera bakarrik ageri baita.

Bortz hilabeteko atzerapena epaileek euskara ez dakitelako

Beraz, 2009ko ekainaren 11n Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren arabera, frogatutzat eman da Bera dela izen ofizial bakarra. Halere, Berako udalak dokumentazioa euskaraz bakarrik aurkeztu arren, epaia gazteleraz bakarrik eman dela salatu du Iturriotzek eta “prozedurak 14 hilabete iraun du, bortz hilabeteko atzerapena izan du, %35ekoa, guk dokumentazioa euskaraz aurkeztu genuelako, edo hobe erranda, epaileek euskaraz ez dakitelako”. Auzitegiaren erabakiaren arabera, Nafarroako Gobernuak ez du helegiteko aukerarik.

Epaia betearaziko duela jakinarazi du alkateak

Alde horretatik, Josu Iratzoki alkateak ere zoriondu nahi izan zituen herritarrak eta eskertza eta aitortza hori luzatu die Berako Euskara Batzordeari Mankomunitateko teknikariei eta lege aholkulariei. Epaia betearazteko konpromiso irmoa ere azaldu du alkateak eta udalak “arlo eta euskarri guztietan Bera izen ofizial bakarra agertu dadin urratsak” eginen dituela jakinarazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun