Uda garaian, ikasturtean zehar eramandako bidea erabat aldatzeko modua izaten da. Leire Mitxelena, Maider Etxague eta Aintzane Pikabea kurtsoan zehar ikasleak dira. Guztia gainditu eta udan bertze aukerak egitera animatu dira. Herriko txistulari taldekoak dira hirurak, kuadrillakoak, eta bertze hainbertze eginkizunetan ere parte hartzen dutenak. Uztailean eta abuztuan, ordea, etxetik kanpo hilabete bana pasako dute. Aintzane kimikako ikasketak egiten ari da Donostiako EHUko fakultatean, eta beka bat lortuta, uztailaren 11n Maltara doa familia batetara ingelesa ikastera. Goizean klaseak izanen ditu eta arratsaldean bertzelako ekintzetan parte hartuko du. Leire eta Maider, berriz, uztail akaberan Perura doaz hilabete baterako Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin. Leire erizaintza ikasketak egiten ari da Logroñon, eta Maiderrek heziketa bereziko magisteritza bukatu berri du. Bidaia on neskak!