Martxoan jokalari talde berri bat sortu zen Toki Ona Bortziriak saskibaloi taldean: gurasoen taldea, eta zehatzago erranez, ama batzuk osatutako taldea. Hasieran jokalari gaztetxoen gurasoen arteko broma izan zen, «gu ere aritzen ahal ginake, eta gero alaben kontra ariko ginateke…». Ondotik, Jesus Alacid entrenatzaileak erronka bere gain hartu, eta entrenamenduak antolatu zituen. Astean bitan hamabi bat emakume kiroldegian entrenatzen hasi ziren. Saskibaloiari buruz apenas deus jakin gabe, irri aunitz eginez, ongi pasatuz, eta ederki izerdituz. Hiru hilabetez talde dezentea lortu zuten Jesus eta Imanol entrenatzaileek. Eta proba ekainaren 13an egin zuten: egun horretan ama-alaben arteko partida jokatu zen. Emaitza franko desorekatua izan zen (16-49), baina «izugarri esperientzia polita» izan dela kontatu digute parte-hartzaileek.