Gure herria lorez betea. Horrela du izena Larun-Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzuen elkarteak bigarren urtez antolatu duen lorez apaindutako balkoi lehiaketak. Ekainaren 25ean abiatu zen eta uztailaren 25era bitarte etxeetako balkoiak lorez beteak egonen dira. Iaz bezala, balkoirik ederrenek saria jasoko dute.
Irabazleak epai-mahai batek izendatuko ditu, eta sariak uztailaren 31n, plazan emanen dira, 20:30ean. Sari banaketaren ondotik, luntxa ere izanen da. Lau lehenbiziko sari emanen dira, auzo bakoitzeko bana: Altzate, Legia-Kanttonberri-Eztegara, Berako Plaza ingurua eta Agerra. Sariak balkoiko argazkia, lore-detailea eta afaria izanen dira.