‘Bera’ izanen da herriaren izendapen ofizial bakarra

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 10a

Epategiak Udalari eman dio arrazoia

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Udalari eta hemendik aitzinera Bera izanen da herriaren izendapen ofizial bakarra. Hain zuzen, joan den urteko urtarrilean onartu zuen Udalak izendapena, ANV (lau), Aralar (bi) eta PNVko (bi) aldeko botoekin eta EAren hiru abstentzioekin. Udalak Euskaltzaindiak 1979an hartutako akordioa hartu zuen oinarritzat, orduan Bera eman baitzuen izen ofizial bakartzat herriko agiriak eta ahozko transmisioa aztertu ondotik. Udalak 1989tik erabiltzen zuen Bera bakarrik, baina Nafarroako Gobernuak Bera/Vera de Bidasoa izendapen bikoitza erabiltzen zuen eta hori aldatzeko erabakia izan zen Udala­rena.

Gobernuak, ordea, berean segitu zuen eta aldaketa ukatu eta izendapen bikoitzarekin segitzea defendatu zuen. Honen kontra auzitegira jo zuen Udalak eta duela bi aste bere aldeko erabakia hartu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Ohar bidez, Aralarrek erabakiarekin «pozik» gelditu zela adierazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun