• Ttikitatik datorkio musikarako afizioa Mikel Irazoki beratarrari. 5 urterekin atabala jotzen hasi zen, gero akordeoia hartu zuen, eta baxua ondotik. ADN, M-ak eta Bizkar Hezurra taldeetan ibilitakoa da, baita Anje Duhalde, Gari eta Juan Carlos Perezekin ere.
• Izen haundiko musikariekin dabil azken aldian: Ana Torroja, Luz Casal, David Bisbal... Egun, Miguel Boseren zuzendari musikala da.
• Dedikazio haundia eskatzen duen lana da, baina bistan da gustukoa duela, barru-barrutik bizi baitu musika.
Nola ailegatu zara artista ezagun hauekin lan egitera?
Beti mundu honetan sartua egon naiz, eta poliki poliki izan da. Ez nion bat batean utzi Euskal Herrian lan egiteari, baina 90. hamarkadan lan batzuk egiten hasi nintzen Madrilen. Denborarekin gero eta gehiago hasi nintzen eta orain gutti aritzen naiz hemen. Miguelengana, berriz, 21 Japonesas taldearen bitartez ailegatu nintzen. Talde honen manager-ak Madrilen zuen bulegoa, eta horrek berak Ana Torroja eta Miguel Boserena ere eramaten du. Eurekin hasi eta horrela sartu nintzen. Hasieran baxua jotzen eta 2004az geroztik Miguelen zuzendari musikala naiz.
M-ak eta Bizkar Hezurra taldeetan jotzetik Miguel Boserekin lan egitera salto haundia izan zen?
Badago aldaketa, bai, baina pausoz pauso eginez gero, ez da hainbesterakoa. Garrantzitsuena motibazioa da. Lan bat onartzean, berdin dio musika hori gustatu ala ez
Zein da zure lana?
Miguelek kantak aukeratzen ditu eta errepertorioa osatzen du, eta musikari zein tratamendu eman nahi dion erraten dit niri. Hortik aitzinera, lanean hasten naiz: piano bat ala bi, gitarra bat ala bi... zenbat behar diren erabakitzen dut. Ondotik, moldaketak egiten eta musikari bakoitzak jo behar duena erabakitzen hasten naiz. Zuzenekoetan joaten diren moldaketetaz ere ni arduratzen naiz.
Ordu aunitzeko lana da?
Bai, aunitz. Entseguak hasi aitzinetik, bi hilabeteko lana izaten dut nik bakarrik; gero hilabete eta erdi musikariekin eta ondotik jotzen hasten gara. Guztira, hiru-lau hilabete bira hasi aitzinetik. Nire lana ez da estudiokoa bakarrik, batez ere, biran egiten dut lan. Momenturo gauza berriak bilatu behar dira eta lan lotua eta intentsoa da. Oporrak ere gutti izaten ditut, baina ahal dudan guzietan honat etortzen naiz, haurrekin egoteko.
Gustuko lana duzu?
Bai, dudarik gabe. Bitarteko onekin lan egiten da, pertsona aldetik eta teknika aldetik, eta horrek ere erraztasunak ematen ditu. Musikari dena ematen diotenekin lan egiteko aukera eduki dut eta ongi moldatu naiz. Lan egiterakoan askatasuna ere ematen didate.
Zein proiektu dituzu momentu honetan esku artean?
Miguel Boserekin eta Alex Ubagorekin ari naiz. Berez, urtarrilean bukatzekoa zen Miguelen bira baina arrakasta haundia izan du eta kontzertu gehiago emanen ditugu. Otsailean Alex Ubagorekin hasteko deitu zidaten eta hortaz, orain biekin ari naiz.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Urtero bezala, ziurtasunik gabea. Mundu honetan proiektu bat bukatuz gero, ez da jakiten zer etorriko den. Buruan hainbat gauza izaten dira baina... Gainera, krisiaren eraginez, kontzertu guttiago ematen dira orain. Niri momentuz, ez zait deus ere faltatu, eta kontent nago. Bertze bi urterako behinik behin Miguelekin lana izanen dut.