Besta eta besta, hasi dira Sanferminak Lesakan

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 6a, 18:19

Haurren danborrada txupinazoaren ondotik, Zubigainekoa eta peñen jautsiera, Lesakako besten hiru ikusgarri. TTIPI TTAPA

Azpilkuetan larunbatean hasi ziren

Besta hotsa asteburuan ere nabaritu arren, astelehen eguerdian 12:00etan bota den txupinazoarekin hasi dira Lesakan Sanferminak. Ordu berean txistulariek, soinulariek, “IZADI” txarangak, trikitilariek eta haur ttikien danborradak girotu dituzte karrikak euren soinu alaiekin. Txupinazoa botata, larunbata bitarte, besta giroa nagusituko da Lesakan.

Arratsaldean dantza jaialdia eta danborrada nagusia

17:30ean Frontoian, Tantirumairu Euskal Folklore Taldearen erakustaldia. 20:00etan Peña guztien ordezkariak altxaferoa bota ondoren danborrada nagusia abiatuko da, Erraldoi eta Buruhandi, danbor-jole eta soinulari, Lesakako Banda eta guzti, herri osoari itzulia emanez. Gauerditik aitzinera, Musika izanen da Plaza Zaharrean, “TRIKI TAKE” taldearekin. “IZADI” txaranga kalez kale.

Sanfermin Eguna asteartean

Sanfermin Egun handia izanen da uztaikaren 7an. Goizeko 8:30ean Ezpatadantzarien meza ixila. Joan-etorria Txistulari bandaren laguntzaz eginen da. 10:30ean Udalbatza bertze agintariekin, Ezpatadantzari eta Musika Bandarekin batera, herriko ikurrak aintzinean dituztela, abiatuko dira Herrikoetxetik elizara, Meza Nagusira. Bertan, Lesakako Abesbatzak parte hartuko du. Meza ondotik, Fermin Zaindariaren irudiarekin herri guzitik prozesioa. Ibilaldia berriro Elizan burutu ondoren, Udalbatza, lehen aipatutakoekin, mezara joan diren moduan jaitsiko dira Eskolttikira, Onin errekaren bi aldeetan egiten den “ZUBIGAINEKOA" dantza ikustera, XV. mendean lesakarren artean lortu zen bakea oroitarazten diguna. Berehala, Bandera-arbola doinuari dagokion ikurrin-agurra zubi gainean. Agur edo dantza bera Plaza Zaharrean, ikurra Herriko-etxera igan aintzinean. 18:00etan Bezperak: Elizarako eta Elizatiko joan-etorria Meza Nagusira bezala eginen da. Bezperetan, LesakakoAbesbatzakkantatukodu. Bezperak akitu ondoren, eta ohiturari jarraituz, Ezpatadantzari taldeak MUTILDANTZA, NESKADANTZA, AURRESKUA eta JOTAK dantzatuko ditu Plaza Zaharrean. 19:30ean Plaza Zaharrean, bertso jaialdia, Arrano Elkarteak antolatua: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Xabier Silveira, Julio Soto eta Erika Lagoma. Gai-jartzailea: Estitxu Arozena. Gauez Musika Plaza Zaharrean, “TRIKIDANTZ” taldearekin. Egun guztian, “IZADI” txaranga kalez kale.

Peñen Eguna asteazkenean, eta Haurren eta Bikoteen Egunak

Uztailaren 8an, Peñen Eguna ospatuko dute Lesakan. 9:00 Peñen gosaria izanen da. 10:00etan Peñen danborrada, “IZADI” txarangarekin. 12:00etan betizuak, Plaza Zaharrean, “IZADI” txarangarekin. 17:00etan Plaza Zaharrean “ATXIKISTAN” haur ikuskizuna. 18:00etan Peñen kontzentrazioa “IZADI” Txarangarekin, Peñen jeitsierarako. 20:30ean Plaza Zaharrean, betizuak. “IZADI” txarangarekin. Gauerdian Musika Plaza Zaharrean “IMANOL”-ekin.
Ortzegunean, uztailaren 9an, goizeko 10:30ean Haur eta gurasoen danborrada eginen da “IZADI” txarangak lagunduta. 12:00etan Betizuak, Plaza Zaharrean. “IZADI” txarangarekin. Arratsaldez Komentuan “Navar Producciones”haurren ikuskizunak: Puzgarriak... 18:00etan Frontoian, eskuzko pilota partidu profesionalak. Arratsaldez eta gauez Musika, Plaza Zaharrean, “TRAKETS”taldearekin. “IZADI” txaranga kalez kale.
Ortziralean Bikoteen Eguna ospatuko da. 11:30ean Andra Mari Zahar Etxeko lorategian, Nafarroako Jotak," BRISAS DEL ARGA” taldearekin. San Fermin Jubilatu eta Pentsionisten Elkarteak antolatua. 12:00etan Betizuak, Plaza Zaharrean, “IZADI” txarangarekin. Arratsaldez Tren turistikoa herrian zehar. 18:00etan Plaza Zaharrean, Nafarroako Jotak, “BRISAS DEL ARGA” taldearekin. Jubilatu eta Pentsionisten San Fermin elkarteak antolatua. 18:00etan garai batean egiten zena gogoratuz, Eskolttikitik Txakainera kalejira, Musika Bandarekin. 20:00etan Txakaindik jeitsiera, ZORTZIKO doinuarekin. Arratsaldez eta gauez MusikaPlazaZaharrean, “JOSELU ANAIAK” taldearekin. Ondoren “IZADI” txaranga. 3:30ean JAI-HILAK “IZADI” txarangarekin.

Uztailaren 11n, ostatuek antolatua

Uztailaren 11n, larunbatean ere, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Lesakako ostalariek. 16:00etan akanpalekuan kuadrilen arteko herri kirol jokoak izanen dira. 19:00etan Plaza Zaharrean, dantzaldia "Garraxi" taldearekin. Gauez Plaza Zaharrean, “DJBULL” eta “ARIMASUTAN” rock taldearen kontzertua. Egun guztian karrika animazioa ere izanen da.

Azpilkuetan bihar bukatuko dira bestak

Larunbatean, uztailak 4, txupinazo bikoitza botaz hasi zituzten Azpilkuetan Sanferminak. Jon Alkasena alkatearen ordez, Miguel Ariztia eta Aitor Iturraldek bota zituzten bestei hasiera emateko txupinazoak eta geroztik besta giroan dabiltza. Azken eguna, biharkoa izanen da.

Sanfermin Eguna
11:00etan Meza Nagusia Sanfermin sainduaren omenez. 14:00etan Gazte Bazkaria. 16:00etan partxis lehiaketa eta sari banaketa. 18:00etan frontenis txapelketako finala eta sari banaketa. Arratsaldean eta gauean dantzaldia Joxe Anjelekin. Goizaldera GAIXOA NI.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun