Zalaingo langileek kotxe karabana egin dute Bortzirietan barna

Aitor AROTZENA 2009ko uzt. 3a, 17:12
Langileek egoeraren berri eman dute, kotxe karabanan abiatu baino lehen. TTIPI TTAPA

Uztailaren 9an Langileen Batzordea eta zuzendaritza biltzekoa da Bideragarritasun Planaz aritzeko

Condesa taldeko Zalain Transformados lantegiko Enpresa Batzordea eta langileak mobilizazioekin segitzen dute eta uztailaren 3an, ortziralean, bortz herriak lotu dituen kotxe karabana egin dute.
Aitzinetik, Zalaingo zubian adierazi dutenaren arabera, maiatzaren 19an lantegiko langile guziei, bi komertzial izan ezik, eraginen dion Enplegu Erregulazio Espedientea onartu du Nafarroako Gobernuak, zazpi hilabeteko iraupena izanen duena, maiatzaren 25etik abenduaren 31 arte, “eta ez du ez inolako osagarririk ez eta bertze neurri laguntzailerik izanen”.

Osasun zaintzarako taldea urratua

Langileen ustez, “EEE aplikatzeko tenorean, modu diskriminatzailean erabiltzen du zuzendaritzak, langabezian egoten den denbora hagitz desberdina baita langileen artean, Enpresa Batzordearekiko mesfidantza sortuz eta langileen artean elkarren kontra aritzea bilatuz”. Tartean kaleratzeak ere izan direla gogoratu dute eta “Osasun zaintzarako taldea urratu egin du, eta langileak babesik gabe gelditzen dira, bere osasun jarraipena egiteko orduan”.

Bortzirietako alkateekin bildu nahi dute

Orain arte hartu diren neurriek lantegiaren bideragarritasuna zailtzen duela uste dute eta horregatik Enpresa Batzodeak behin eta berriz eskatu du bilera Condesako arduradunekin, zein planak dituen lehen eskutik ezagutzeko, “baina aldiro ukatu digute gure eskakizuna”. Langileek Bortzirietako alkateekin bilera bat egitea ere eskatu dute, egoeraz jabetu daitezen, izan ere, “neurriak hartu ezean, ondorio latzak izango lituzke eskualdeko enpleguan”, eta hau da eskualdeko udalekin elkar landu nahi dutena.

Uztailaren 9an bilera deitu du zuzendaritzak Bideragarritasun Planaz aritzeko

Uztailaren 9rako Zalaingo zuzendaritzak bilera batera deitu du Enpresa Batzordea, Bideragarritasun Planaz aritzeko. Langileek diotenez, “orain arteko jarrera eta ibilbidea ikusirik, kezka handiz hartzen dugu bilera honen deia”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun