Lorez apaindutako balkoi lehiaketa antolatu du bigarren urtez Berako Larun Haizpe elkarteak

Aitor AROTZENA 2009ko uzt. 2a, 17:23
Joan den urtean, Altzate aldean saritua suertatu zen balkoia. TTIPI TTAPA

Uztailaren 25a arte izanen da eta lau sariak uztailaren 31n emanen dira

Gure herria lorez betea. Horrela du izena Berako Larun-Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzuen elkarteak, Berako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz bigarren urtez antolatu duen lorez apaindutako balkoi lehiaketak. Ekainaren 25ean abiatu zen eta uztailaren 25era bitarte etxeetako balkoiak lorez beteak egonen dira. Iaz bezala, balkoirik ederrenek saria jasoko dute. Modu honetan, Beran hain zabaldua dagoen eta herriari izaera berezia ematen dion balkoiak apaintzeko ohitura indartu nahi dute. Urtetik urtera lore eta landare mota gehiago paratzen dira, koloreak koordinatuz eta kalitate handiko konposizioak osatuz eta esfortzu hori saritu nahi du Larun-Haizpek.

Lau auzo, lau sari

Irabazleak epai-mahai batek izendatuko ditu, eta sariak uztailaren 31n, plazan emanen dira, 20:30ean. Lau lehenbiziko sari emanen dira, auzo bakoitzeko bana: Altzate ingurua, Legia-Kanttonberri-Eztegara, Berako Plaza ingurua eta Agerra aldea.
Saria, joan den urtean bezala, balkoiaren argazkia, lore-xorta eta bi lagunendako afaria izanen da, Lenkonea, Auzoa, Yasola edo Beti-Jai jatetxetan. Epaimahaian, Ayla argazkidendako Bixente Taberna, Goiko Argazkidendako Martin Goikoetxea, Alfredo Goienetxe zinegotzoia, Azalea loredendako Nuria Perez eta Larun Haizpko zuzendaritza batzordeko Adela Arlegi izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun