Epaitegiak udalari arrazoia eman eta "Bera" izanen da herriaren izendapen ofizial bakarra

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 1a, 17:08

Nafarroako Gobernuak "Bera/Vera de Bidasoa" izendapen bikoitza defendatzen zuen

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Berako Udalari eta hemendik aitzinera Bera izanen da herriaren izendapen ofizial bakarra. Hain zuzen, joan den urteko urtarrilean onartu zuen Berako Udalak izendapena, ANV (4), Aralar (2) eta PNVko (2) aldeko botuekin eta EAren 3 abstentzioekin. Udalak Euskaltzaindiak 1979an hartutako akordioa hartu zuen oinarritzat, orduan Bera eman baitzuen izen ofizial bakartzat herriko agiriak eta ahozko transmisioa aztertu ondotik. Udalak 1989tik erabiltzen zuen Bera bakarrik, baina Nafarroako Gobernuak Bera/Vera de Bidasoa izendapen bikoitza erabiltzen zuen eta hori aldatzeko erabakia izan zen Udalarena.

Aldaketa ukatu zuen Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak, ordea, berean segitu zuen eta aldaketa ukatu eta izendapen bikoitzarekin segitzea defendatu zuen. Honen kontra auzitegira jo zuen Berako Udalak eta joan den astean bere aldeko erabakia hartu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Aralar pozik

Aralar pozik agertu da Nafarroako Auzitegi Gorenak, Berako Udalak onartutakoaren arabera, herriaren izen bakarra Bera izatea onartu duelako. 2006an Berako Aralarrek ekimena sartu zuen Berako Udalean herriaren izen bakar eta ofiziala Bera izan zedin. Orduko hartan, bakarrik gelditu zen Aralar, eta ez zuen udaleko bertze bi taldeen babesik jaso. Legegintzaldi berriarekin, euskara batzordearen bidez ekin zitzaion tramite berari, eta Udalean gehiengoz onartu ondotik, Nafarroako Gobernuak ukatu egin zuen Udalaren eskaria. Hala, Udalak auzitara jo zuen, eta orain Nafarroako Auzitegi Gorenak Udalari arrazoia eman dio, eta Bera izen bakartzat onartu du.
Aralarren irudiko “albiste ona da hori, beratarren gehiengoaren nahiari erantzuten diolako, eta tradizio eta historia gehien duen izena Bera delako”. Berako Udalak Bera izena aspaldidanik erabiltzen badu ere, Nafarroako Gobernutik izan du traba gehien izen horren ofizialtasuna aitortzeko, Euskararen Legeak ezartzen dizkion aholkuei men egin gabe, eta Udala zein Euskaltzaindiaren argudioei arretarik jarri gabe.
Epaiaren ondoren, Aralarrek Nafarroako Gobernuari eskatu dio epaia onartu dezala, ez dezala helegiterik aurkeztu, eta aplikatu dezala sententziak biltzen duen Bera izena izendegi ofizialeko izen bakar moduan. Aralarrek eskatzen dio Gobernuari sententzia bete dezala, bideko seinalizazioan, agiri ofizialetan, turismoko esku-orrietan, eta gainerako euskarri guztietan Bera izena erabiliz, eta egun bertzelako modutan agertzen diren euskarriak berehala aldatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun