Manttale Ttiki Atletismo eskolak bere lehen ikasturtea bukatu du Beran. Inguru honetan neska-mutikoei lasterka egiten erakusten dien eskola bakarra da Manttale Mendi Lasterketa taldeak bultzatutakoa. Kirol magisteritza ikasten duen Jone Zelaieta beratarra hasi zen monitore, baina laguntzaile izan ditu Manttale Mendi lasterketa taldean aritzen diren Iñaki Pikabea, Cristina Arbues, Patxi Irazoki eta bertze zenbait korrikalari ere. Izan ere, Iñaki Pikabeak aipatu digunez, “ez genuen halako arrakastarik espero, 30 haurretik goiti etortzen ziren larunbatero eta adinaren arabera bi taldetan banatu genituen eta gu laguntzeko hor izan gara. Lau lagunekin ongi moldatu gara, bi lagun ttikien taldearekin, 7-10 urte artekoekin eta bi handienen taldearekin, 11-14 urtekoekin”.
Dena den, adinean mugarik ez dutela paratzen ere erran digu Pikabeak, “gogoa edo ilusioa baldin badu gaztexeagoa edo zaharxeagoa ere hartzen dugu”. Gehienak Berakoak badira ere, Igantzi, Arantza eta Lesakatik ere etortzen dira korrikalari batzuk. Ttikienetan neska gehixeago badira ere, koxkorxeagoetan hamarretik bi neska bakarrik daudela aipatu digu Pikabeak. Dena den, aurten nahiko presaka hasi zen eskola eta heldu den ikasturteari begira, eskolekin harreman zuzenagoa eta egokiagoa izanen omen dute, gauzak hobeki prestatzeko.
Larunbat goizetan
Larunbat goizetan biltzen dira, denak libre xamar duten egun bakarra delako. Izan ere, Manttale Atletismo eskolan ari diren neska-mutiko gehienak saskibaloian, futbolean, pilotan edo bertze kirolen batean aritzen da eta ingelesa edo musika ere ikasten dute. “Horregatik –dio Pikabeak– hasieran aste tartez ere zerbait egitea pentsatu bagenuen ere, ez genuen nahi hitzordua jarri eta 8-10 lagun bakarrik agertzea… larunbat goizean ongi joan zaigu”.
Manttalen eskolaren lehen helburua, “haurrei lasterka egiten erakustea izan da, aktibitate eta ariketa ezberdinekin teknika erakutsi… honela gustora etorri dira, kontua ez baitzen matxakatzea eta izugarrizko ahalegina egitea. Hurrengo egunean edo arratsaldean partida zutenei ere ongi zetorkien”. Ikasturtea akautu orduko, heldu den urtekoa noiz hasiko den galdezka etortzen zaizkie haurrak, eta hori “seinale ona” dela dio Pikabeak eta aurtengo esperientziarekin hurrengoan ume gehiago apuntatuko direla uste du.
Mendialde osoko atletismo eskola bakarra
Mendialde osoan dagoen atletismo eskola bakarra izanik, ardura berezia ere bada, baina alde horretatik lasai dago Pikabea: “Patxi Irazokik eta nik gure esperientzia jartzen dugu, guk arituz eta ibiliz ikasi baitugu dakigun pixarra, baina Jone eta Cristina hori ikasia dute eta umeekin esperientzia dute, horrek lasaitasuna ematen du. Gauza teorikoa beraiek erakusten diete eta guk alde praktikoa lantzen dugu eta gainera, lasterketetan ikusten gaituzte eta nolabaiteko ispilua ere badute gurekin, horrek ere balio du”.
Gustora somatzen zaio Iñakiri aurtengo esperientziarekin: “Nik ez nuen sekula haurrekin lan egin eta Patxiku eta neretzat izugarri polita izan da, kirola egin dugu eta umeekin ateraldiak ere egin ditugu, batzutan mendira, bertze batzutan lasterketetara, didaktikoa da, ardura bat badugu, baina hagitz aberasgarria da…”.
Helburu nagusia ez bada ere, konpetizioetan ere bikain ibili dira batzuk
Izan ere, eskola joaten diren umeen artean, badira batzuk konpetitzea gogoko dutenak eta bertze batzuk kirol pixko bat egiteagatik joaten direnak. “Maila ezberdinak daude: badira lasterka hagitz ongi egiten duten haurrak, eta horiei pixko bat gehiago eman behar diezu, lasterketetara joatea gustatzen zaie, konpetizio mundu hori behar izaten dute. Bertze batzuk ongi pasatzera etortzen dira, ibiltzea gustatzen zaie, jolasak egitea… Badira deus egiten ez duten haurrak ere eta hauentzat Manttalekoa deskubrimendu handia izan da, haurrak zerbait egiteko modu erraza eta xinplea baita. Bertze kirolak egiteko zailtasunak dituztenak etortzen dira lasterka egitera eta egiten dituzte jokuak, lagunartean ongi pasatzen dute…”.
Azken finean, kirola egitea osasungarria dela erakutsi nahi dute Manttale Ttiki eskolan, “lasterka egiten eta kirol egiten erakutsi, nola egin behar den barneratu eta gero, denborarekin, norberak ezarriko du zer mailatan aritu nahi duen”.
Konpetizio arloa sobera ez bazaie inporta ere, Manttaleko ttikiak joan diren lasterketetan emaitza onak lortu dituztela aipatu digu Pikabeak, “sekulan lasterka egin ez zuten haurrak lehen postuetan eta irabazten ikusten dituzu eta erraten duzu egiten duzun lana balio dezakeela. Azkenean, aritzen dira, ongi berotzen ikasten dute, mantso hasi behar dutela, erritmoak hartzen, estutzen direnean erritmoa jausten eta hori inguru hauetako herrietako lasterketetan garrantzitsua izaten da. Egia da emaitza bigarren maila batean gelditzen dela, baina satisfakzioa da irabazten ikustea, ezin da ukatu”.
Elkarbizitzarako ateraldiak
Atletismoaz gain, bertze ateralditxoak ere egiten dituzte, Santa Barbarara oinez, Xorroxinera Erratzutik abiatuta. Hondartzara ere egin nahi zuten, arean lasterka egiteko teknika ikasteko, baina hondarrean ezin izan dute egin. Halere, heldu den urterako gogotsu eta gauzak egiteko asmoaz daude. “Elkarbizitza ere aunitz ikasi dute, elkarri aunitz laguntzen diote, elkartasun izpiritu handia dute eta izugarrizko sorpresa izan da, elkarrekin ateratzea, horrek aunitz laguntzen du”. Heldu den urtean gauzak oraindik hobekiago eginen dutela uste du Pikabeak, “badugulako kapazidadea, gogoa eta ilusioa”.