Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Berako Udalari eta hemendik aitzinera Bera izanen da herriaren izendapen ofizial bakarra. Hain zuzen, joan den urteko urtarrilean onartu zuen Berako Udalak izendapena, ANV (4), Aralar (2) eta PNVko (2) aldeko botuekin eta EAren 3 abstentzioekin. Udalak Euskaltzaindiak 1979an hartutako akordioa hartu zuen oinarritzat, orduan Bera eman baitzuen izen ofizial bakartzat herriko agiriak eta ahozko transmisioa aztertu ondotik. Udalak 1989tik erabiltzen zuen Bera bakarrik, baina Nafarroako Gobernuak Bera/Vera de Bidasoa izendapen bikoitza erabiltzen zuen eta hori aldatzeko erabakia izan zen Udalarena.
Aldaketa ukatu zuen Nafarroako Gobernuak
Nafarroako Gobernuak, ordea, berean segitu zuen eta aldaketa ukatu eta izendapen bikoitzarekin segitzea defendatu zuen. Honen kontra auzitegira jo zuen Berako Udalak eta joan den astean bere aldeko erabakia hartu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.