Euskal futbol kanpusaren lehen txanda egin dute Lesakan

Aitor AROTZENA 2009ko ekainaren 30a

Lehen txandan parte hartu zuten neska-mutikoak, monitoreekin batera. TTIPI TTAPA

Bigarren txanda uztailaren 27tik abuztuaren 2ra eginen da

Euskal futbol Campus elkarteak, Lesakako Beti Gazte elkarteak eta Lesakako udalak, euskal futbol kanpusa antolatu dute aurten ere, futbolaren bidez, euskararekin harremanak sendotu asmoz. Seigarren edizio honetako lehenengo txanda ekainaren 22tik 28ra egin zuten Mastegin, monitore lanean Lorea Sarobe beratarra, Xabier Sagastibeltza leitzarra eta Oihane Gil zituztela. Hurrengo txanda uztailaren 27tik abuztuaren 2ra eginen dute. Lehendabiziko txanda honetan 40 neska-mutiko aritu dira, 8 Lesakakoak, baina gainerako gehienak Iruñerrikoak eta Erribera aldekoak.

Futbola goizean eta hainbat ekitaldi arratsaldean

Euskal futbol kanpuseko jarduera nagusienarekin hasten dute eguna, futbolerako praktikarako beharrezkoa den konpetentzia garatzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuarekin. Lesakako Mastegi futbol zelaian taldetan banatzen dira, hauetako bakoitza tekniko baten ardurapean. Gazteen ulermen eta interpretazio gaitasuna garatzea behartzen duten futbol jarduerak proposatzen dira saioetan. Asmo horretan, futbolaren ezaugarri nagusienak mantentzen eta konbinatzen dituzten jarduerak diseinatu eta aukeratzen dituzte. Modu honetan, ikaskuntza aberasgarriagoa ahalbidetzen da. Hortaz, partiduez gain, bertze ekintza batzuk egiten dira, eta joko eta jolasak futbolarekin lotzen dira. Gainera, saioei trebetasuna eta abilezi jarduera motibagarriekin akabera. Arratsaldeetan Lesakako ingurunea baliatzen dute eta jarduera osagarri eta aberasgarriak antolatzen dituzte: euskal pilota, txangoak naturan, herri-kirolak…

Beti Gazte elkartearen egoitzan egin dute lo

Urtetan monitora den Lorea Sarobe beratarrak aipatu digunez, orain arte Txakainlo aterpean hartzen zuten gauerako ostatu, baina aurten tokirik ez dagoenez, Beti Gazte elkarteak egoitza utzi die eta bertan egiten dute lo koltxoietan. Bazkaria eta afariak, berriz, Kattu jatetxean egiten dituzte. Lorea Sarobe futbolari beteranoa da. Gure Txokoan eta Mariñon aritu ondotik, gaur egun, ikasketak direla medio, Ingalaterrako Hegomendebaldeko Swindon herriko Cheltenhamtown ladies taldean ari da eta taldeko kapitaina ere bada. Badute zeinetik ikasia kanpuseko neska-mutikoek!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun