Zalaingo langileek elkarretaratzea egin zuten eta kotxe karabana iragarri dute uztailaren 3rako

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 29a

Zalaingo Enpresa Batzordeak deituta elkarretaratzea egin zen ekainaren 26an. TTIPI TTAPA

Enplegu Erregulazio Espedientearen aitzinean zuzendaritzak duen jarrera salatzeko

Condesa taldearen barrenean dagoen Zalain Transformados lantegiko Enpresa Batzordeak deituta elkarretaratzea egin zuen ekainaren 26an, ortziral goizean Zalaingo industrigunean, Enplegu Erregulazio Espedientearen aitzinean zuzendaritzak duen jarrera salatzeko.

Lantegiaren etorkizun zalantzan

Langileek salatu dutenez, “maiatzaren 25a ezkeroztik gauzatzen ari da EREa lantegian, eta Zuzendaritzak erabat arbitrarioki aplikatzen du, langile batzuk erabat baztertuak suertatzen direlarik”. Bertze aldetik, lantegiaren etorkizuna ere ez dagoela batere argi salatu dute, “langileok ez dakigu nondik joan daitekeen eman behar den bideragarritasun plana, baina orain artekoa ikusirik, okerrena pentsa daiteke”.

Kotxe karabana uztailaren 3an

Hori dena salatzeko deitu zuten joan den ortziraleko elkarretaratzea Zalaingo industrialdean, baina garbi utzi nahi dute hau ez dela ekimen bakandu bat izanen, bertze hainbat eginkizunen arteko bat gehiago baizik. Hain zuzen, ortziral honetan, uztailaren 3an, goizeko 11etan abiatuta, kotxe karabana eginen da Bortzirietan herrietan barna, aldarrikapen berdinekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun