Bi mila txirrindulari espero dituzte Beran uztailaren 26ko La Miguel Indurain proban

ttipi-ttapa 2009ko eka. 25a, 17:08
La Miguel Indurain txirrindularitza probaren aurkezpena, asteartean Iruñean. TTIPI TTAPA

Asteartean egin zuen hamazazpigarren edizioaren aurkezpena C.C. Beratarrak Iruñean

La Miguel Indurain Nazioarteko Txirrindularitza ibilaldiaren hamazazpigarren edizioa aurkeztu zuen Club Ciclista Beratarra elkarteak ekainaren 23an, astearten Iruñean. Enrique Irazoki eta Jose Mari Telletxea, Berako elkarteko kideekin batera, Miguel Indurain bera, Mario Zunzarren Foruzaingoaren ordezkaria, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko Natxo Arbeloa eta Rural Kutxako Marketing saileko Carmen Diaz izan ziren aurkezpenean.

186 eta 113 kilometroko ibilaldiak aukeran

Aurtengo proba uztailaren 26an eginen da eta urtero bezalaxe, bi ibilaldi izanen ditu aukeran. Luzea, 186 kilometrokoa, goizeko 8:30ean abiatuko da eta laburrena, 113 kilometrokoa, goizeko 9.00etan. Guzira, 2.000 txirrindulazale espero dituzte egun horretan Beran. Ibilbide luzekoek, Beratik Belateko kaxkora igoko dute, gero Egozkueko kaxkotik Eugira jautsi eta Artesiaga igo ondotik Iruritara jautsiko dira. Zigako gaina pasatuta berriz ere Belate igoko dute, eta bigarren itzuli horretan, Ultzama aldera pasatuko dira. Orokietako gainetik pasatu ondotik, Doneztebera jautsi eta Berara bueltatuko dira, 5 ordu inguruko ibilaldian.
Ibilbide laburrekoek, Beratik Belate igo eta zuzenean sartuko dira Ultzamara. Orokietako kaxkoa igaro eta berriz ere Berara bueltatzeko, 4 ordu eskaseko ibilaldian.

Izen ematea

Izen ematea Internet bidez egiten ahal da, www.laindurain.com helbidean, edo posta bidez, uztailaren 24 bitarte. Dortsalak, uztailaren 25ean 15:30etik 21:00etara eta probaren egun berean, goizeko 6:30etik ibilaldia hasi baino ordu erdi lehenago arte., Toki-Ona kiroldegian jarriko den bulegoan hartzen ahal dira.
Probaren egunean 250 lagun ariko dira lanean eta hornidura guneak izanen dira Belate, Orokieta eta Artesiagako kaxkoetan. 5.000 barrita energetiko, 700 kilo fruta (sagarrak, platanoak eta laranjak), 60 kilo irasagar eta galleta; 9.000 botil freskagarri eta 4.000 litro ur eta 800 litro edari isotoniko banatuko dira.
Proba bukatzean ere, denentzako janaria eta opariak izanen dira eta egindako denborarekin eta sailkapenarekin diploma jasoko dute txirrindulariek. Laguntzaileentzat bidai turistikoa izanen da eta horretarako aitzinetik izena eman beharko da eta arratsean herri afaria, nahi duen guziarendako. Interesatuek uztailaren 24a baino lehen eman beharko dute izena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun