«Badakizue, egizue» jaialdi ederra egin zen San Juan bezperan Lesakan

Aitor AROTZENA 2009ko eka. 24a, 11:38
Konbentuko zelaian bertsoak, kantu zaharrak, dantzak, San Juan suak, kukaña eta bertze hainbat ikusgarri izan ziren. TTIPI TTAPA

Euskara Batzordeak eta Gazte Asanbladak antolatuta, hainbat ekitaldi izan ziren konbentuko zelaian

“Badakizue, egizue” izenburupean Lesakako Euskara Batzordeak eta Gazte Asanbladak antolatua jaialdi ederra egin zen San Juan bezperan Lesakan. Lehenik, soinulari eta txistulari taldeen laguntzaz kalejira egin zen eta Albistur karrikan etxeen izenak paratu ziren.

Hainbat ekitaldi

Kalejira konbentuko zelaira ailegatu zenean hasi zen besta. Ausartenak kukañan goiti sari bila zebiltzan bitartean, Maddi Taberna, Ainara Martin eta Abuin anaiek dantza egin zuten, txalaparta eta trikiti doinuekin. Segidan, tablatuan bertso eskolako ikasleek zenbait bertso eskaini zituzten, jaialdiaren izenburuarekin bat eginez, euskaraz dakitenei euskaraz egiteko kantatuz. Gero, jendaurreko aurkezpena egin zuen Eutsi musika taldeak: Itziar Telletxea, Olaia Iantzi, Haizea Irigoien eta Aritz Telletxeak euskal kantu zaharrak abestu zituzten, beraien bertsio berrietan.

San Juan suak

Bien bitartean, pintxoak eta bokadilloak saltzen zituen txozna eta edariena lan eta lan ari ziren, jendetza ederra bildu baitzen konbentuko landara, eguraldi ederra aprobetxatuz. San Juan gaua zenez, suak ere piztu zituzten eta han ibili ziren gaztetxoenak saltoka. Eutsikoek bere emanaldia bukatu zutenean, Salvador Madariaga akordeolariak, Egoitz Telletxea perkusioan lagun zuela, zenbait kanta eskaini zituen eta bestak gauerdira arte iraun zuen. Arrats polita, udari ongietorria eman bidenabarkoan, euskaraz dakitenek euskaraz egitea eskatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun