Ekainaren 8az geroztik erregulazioan daude ArcelorMittaleko langileak, tartean Legasa eta Lesakakoak. Eta hala egonen dira, guttienez urtea bukatu arte, abenduaren 31 bitarte. Lan Zuzendaritza Nagusiak ekainaren 3an eman zion baietza enpresak aurkeztutako erregulazio espedienteari. Azaroan berriz bilduko dira EREaz mintzatzeko.
Erabakia Madrilen hartu izana salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. «Espedientea Madriletik inposatutako erabakia da», dio Joxe Mari Lasaga LABeko ordezkariak. Bide beretik, ELAko Aurelio Gutierrezek erregulazioaren «kontra» daudela nabarmendu dio Ttipi-Ttapari, «Madrilen hartu delako erabakia, ez enpresa bakoitzean, eta ez duelako planta guztien segida ziurtatzen».
Edonola ere, onartua dago eta bitarte horretan, langileak, bataz bertze, lanorduen %50ean egonen dira erregulazioan. Ez die langile guziei berdin eraginen. Instalazio bakoitzaren produkzioaren arabera diferentea izanen da. Legasan, adibidez, pinturaren sekzioan lan «aunitzekin daude» eta ia ez dute erregulazioan egon beharko. Horretan bat datoz hiru sindikatu nagusiak: LAB, ELA eta UGT. Aldiz, Lesakan, zizailekin edo bobinekin ari direnak denbora luzeagoz egon beharko dute erregulazioan.
Lasagak azaldu digunez, «langile bakoitzak egutegi bat jasoko du hilabetero eta horrekin etxean noiz edo erregulazioan noiz egon beharko duen jakinen du. Baina lantegia ez da geldituko, martxan segituko du».
EREa indarrean dagoen arren, UGTko Patxi Altxu baikor mintzatu da enpresarekin lortu diren akordioez. Baldintzak «hagitz onak» direla azpimarratu du: «langileak erregulazioan daudenean, %90 parotik kobratuko dute eta gainerakoa enpresak bideratuko du. Beraz, erregulazioan daudenek kasik lanean baleude bezala kobratuko dute».
Bidasoa Plana
Bidasoa Plana da sindikatuengan itxaropena pizten duena. 35 milioi euroko inbertsioa eginez, 2011rako Legasako fabrika itxi eta Lesakan produkzioa indartuko duela aurreikusten duen plana, alegia. Baina krisia dela eta, gibeleratu egin da eta horrek kezka eragin du LABen: «inbertsioa eginen dela erraten digute, baina baldin eta ez bada martxan paratzen, sarraski gogorra gertatuko da eta langile aunitz geldituko dira soberan». Horrekin batera, zera aipatu digu: «Lesakako bonbinaren produkzioa egunen batean, Asturiasen egiten denaren araberakoa izanen da eta Asturiasen makina guziak geldirik daudela ikusita...».
ELA, bere aldetik, abenduan gerta daitekeenaren beldur da: «erregulazio hau akituta, gehiago luzatzeko arriskua dago, hori baitzen hasieratik enpresak nahi zuena».
Bertzalde, momentu honetan «pixka bat lan gehiago» dagoela aipatu digu Altxuk, eta horren harira, «EREa bere osotasunean ez betetzea positiboa dela» gaineratu du Gutierrezek.