112 Bai Euskarari Ziurtagiri banatu dira Bortzirietan

ttipi-ttapa 2009ko eka. 23a, 13:29
Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia ekainaren 6an egin zen Berako Kultur Etxean. TTIPI TTAPA

Aurten lau entitate berrik bat egin dute egitasmoarekin

Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten ekainaren 6an Bortzirietako hainbat eta hainbat entitatek Berako Kultur Etxean egindako ekitaldian. Bosgarren banaketa ekitaldia izan zen eta guztira 112 banatu ziren. Zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzen duten 18k jaso zuten Ziurtagiria, zerbitzua euskaraz eskaintzen duten bertze 49k eta euskara bidean dauden 45ek.
Bortzirietan urte batzuk daramatzate euskararen erabilera bultzatzen eta horren harira, zera adierazi zuen Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak: «112 Ziurtagiri banatu ditugu eta kopurua garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: urtez urte ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena». Eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak egiten ari diren aldaketak zerrendatu zituen segidan: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu... Bukatzeko, Bortzirietako Euskara Mankomunitateari, bertako eragile sozialei eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko apustua egin duten enpresa, komertzio eta gisa guztietako entitateei eskerrak eman zizkien.
Euskara Mankomunitateko lehendakariordea den Ramontxo Elgo­rriagak ere ekitaldian parte hartu zuen, eta berak ere euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen segitzeko beharra azpimarratu zuen. Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak ere zoriondu zituen.

Herriz herri eta sektoreka

Herriz herri, Beran banatu ziren Ziurtagiri gehienak, 48 guztira; Lesakako 33 entitatek jaso zuten, Arantzan 12k eta Etxalarren eta Igantzin bederatzina Ziurtagiri banatu ziren. Aitzineko urtearekin konparatuz, lau entitate berrik erabaki dute ekimenarekin bat egitea. Aipatu, Ziurtagiria jaso zuten 112 entitatetik bat Nafarroako Herri Kirol Federazioari dagokiola, eta honek Sunbillan du egoitza.
Sektoreka, berriz, komertzio eta ostalaritzaren eremuan banatu ziren Ziurtagiri gehienak, 112tik 60. Lan munduko 13 banatu ziren; lau kirolarekin lotura dutenak; zortzi mundu asoziatibokoak; bi nekazaritzaren sektorekoak; bortz zerbitzu orokorrekoak; sei lehen mailako hezkuntzakoak; zortzi kulturaren alorrekoak; hiru formaziokoak; bi mundu asistentzialekoak eta bakarra finantza eta aseguruen mundukoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun