UEMAn sartu dira Bera eta Etxalar

Aitor AROTZENA 2009ko eka. 23a, 13:01
Kultur Etxean sinatu zuten UEMA eta Kontseiluan elkarlan hitzarmena. Altzateko plazan, berriz, ekitaldia egin zen. TTIPI TTAPA

Dagoeneko 61 udalerrik osatzen dute UEMA

Ekainaren 13az geroztik, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dira Etxalar eta Bera, Nafarroako Araitz eta Larraun, Gipuzkoako Elgeta eta Amezketa eta Bizkaiko Busturiarekin batera. Egun horretan ospatu zen UEMA Eguna Beran, Euskarak elkartzen gaituelako lelopean eta orduan hartu zuten euskaraz funtzionatzeko konpromisoa.
Nafarroan 12 dira erakunde honetako kide diren udalak, 61 Euskal Herri osoan, horietatik zazpi eskualdekoak: Arantza, Goizueta, Zubieta, Leitza, Areso eta aurten sartu diren Bera eta Etxalar. 1991n osatu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eta Berakoa hamazazpigarren UEMA Eguna izan zen.
Goizean, UEMAk eta Kontseiluak hitzarmena sinatu zuten Kultur Etxean, udalen hizkuntza politika elkarlanean neurtzeko eta hobetzeko neurriak hartzeko.

Altzateko plazan ekitaldia

Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak eta Josu Iratzoki Berako alkateak hartu zuten hitza Altzateko plazan egindako ekitaldian. Irisarrik, Etxalarkoa izanik, UEMAn dauden herri nafarrak 12 usorekin konparatu zituen, «libre hegan egin duten herriak, Nafarroako Gobernuak inposatutako hiru eremuen gainetik, hizkuntzak eta naturak ez baitu mugarik».
Josu Iratzoki Berako alkateak adierazi zuenez, Berak UEMAko kide izateko eskatzen den baldintza bizilagunen %70a euskal hiztuna izatea, betetzen du, «baina zaila da Herriko Etxeko tramitazioetan eta bertzelako eremuetan euskara erabiltzea. UEMAn sartuta, hori lortzeko aitzinera bidea eginen dugulakoan gaude».
Jon Bollar Aulestiko alkatea eta UEMAko presidenteak aipatu zuenez, «euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuen udalerri kopurua hirukoiztu egin da, baina oraindik ere euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko asko dago egiteko. Horren erakusgarri dira Behatokiak udaletan jarritako postontzietan, hizkuntz eskubideak urratu direlako jasotako 200 kexak, Nafarroan 20 baino gehiago. Horiek gertatzen diren urraketen zatitxo bat besterik ez dira». 2001­etik Nafarroan UEMA Egunik ez dela egin ere aipatu zuen presidenteak, eta Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eskatu zuen.
Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazi zuenez, Kontseiluak duela 12 urte sortu zenetik Bai Euskarari leloa erabili badu ere, hemendik aurrera Euskaraz Bai erabiliko du «bai esatea baino zerbait gehiago behar duelako euskarak, ikastea eta erabiltzea batez ere».
Kontseiluak hainbat arlotan lan egiten duen arren, Mendigurenen ustez, «Udalak eguneroko bizitzarako tresna oso garrantzitsuak dira, hurbilekoak eta horregatik, Udalak pixkanaka euskalduntzen baditugu, etorkizuna hortik dator»

Giro ona

Gainerakoan, giro onean joan zen eguna, herri kirolak, haurren txokoa eta bazkaria, dantzaldia... Gisa guzietako ekitaldiak izan ziren. Bide batez, UEMAk aurten 18 urte bete dituela ere ospatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun