Hitz egin dezagun euskaraz

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 22a

Berako Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu berri dela eta etxetara bidali diguten berripapera irakurri dut. Harrituta gelditu naiz Berako zinegotziak eta Etxalarko alkateak gaur egungo Euskararen erabilpenari buruz adierazitakoarekin: «Eskualdean, berriz, denetik dago, erdaldun kopuru handiak ere bai. 60ko hamarkadan jende dezente etorri zelakoz kanpotik eta hori gaur egun nabaritzen da». «Bera,..., Bortzirietako handiena eta industrializatuena da, eta horrek kanpoko jende asko sartzea ekarri du, horrek hizkuntza alorrean dakartzaneragozpen guztiekin». Hitz horietan, nik ulertzen dut kanpotik etorritako jendearen ondorioz dela gaurko Euskararen egoera ez ona eta hori bada adierazi nahi dena, ideia horretan akats handia dagoela adierazi nahi dut. 1946. urtean Beran jaio eta haurtzaro eta gazte garaian bertan bizitua naiz, beraz, ongi ezagutzen dut zein zen Euskararen erabilpena 60ko hamarkada baino lehen. Ba urte haietan baserrietan hitz egiten zen Euskaraz, baina Berako denda eta karriketan gaztelaniaz bakarrik hitz egiten zen. Guraso eta zaharrek ederki zekiten Euskaraz, baina gehienek ez zieten beren umeei erakusten. Zergatik? Hori ez dakit, beraiei galdetu behar. Sasoi hartan haur ziren zenbait beranduago meritu ederrekin Euskara ikasitakoak ere badira. Etxalarrera joaten nintzen tarteka eta egoera antzekoa zen. Ez horrela Lesakan, nonahiko bestetan jendea Euskaraz sumatzen bagenuen bagenekien lesakarrak zirela. Etorkinei buruz, gehienek beren umeak Euskara ikas dezaten saiatzen dira. Zenbait heldu ere badago euskalduntzen saiatzen dena klasetara joanez e.a., baina zailtasun handia aurkitzen dute bertako euskaldunek ez diegulako pazientziarekin beren euskara eskasa onartzen. (Ikasketa guztiek bezala praktikatuz ikasten da). Eta azkeneko eta garrantzitsuena: zergatik ez dugu onartzen «hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenengatik, jakin eta hitz egiten ez dutenengatik baizik»? Hitz egin dezagun euskaraz ahal dugun guztietan eta guztiekin.

Mª Carmen Lanz
Bera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun