Asteburu honetan ospatuko dira Berako Altzate auzoko bestak. Ekainaren 19an, ortziral arratseko 20:00etan botako da txupinazoa eta segidan, erraldoiak, buruhaundiak eta txaranga ibiliko dira Uraldea karrikan. 21:15ean pintxo poteoa eginen da eta gauerdiko 12:30ean kontzertua eta DJ Zurtaiaren musika izanen da Altzateko plazan.
Auzo bazkaria larunbatean
Ekainaren 20an, larunbatean, eguerdiko 12:00etan kalejira eginen da, erraldoi, buruhandi eta txarangarekin. 14:00etan auzo bazkaria eginen da, zikiro jatea hain zuzen. 19:30ean euskal dantzak eta gero, bonba japoniarrak izanen dira Altzateko Plazan. 22:30ean suzko zezena aterako da eta 23:15ean berbena izanen da Altzateko Plazan, Baleike taldearekin. Izadi txaranga ibiliko da, gau eta egun, karrikak animatzen.
Balkoi politenari saria, zozketa eta afaria igandean
Ekainaren 21ean, igandean, goizeko 10:30ean plater tiraketa lehiaketa izanen da Lizuniagan. 11:00etan meza izanen da Altzateko elizan. 18:00etan, azken urteetako ohitura segituz, Altzateko balkoi politenari saria emanen zaio. 19:00etan, besta hauek antolatu ahal izateko egiten den zozketaren zenbaki sariduna aterako dute Ikuilu ostatuan eta bestak bukatzeko, auzo afaria eginen da.