Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen Eguna ospatu zen larunbatean Beran, Euskarak elkartzen gaituelako lelopean. Nafarroako lau udalerri, Araitz, Bera, Etxalar eta Larraun UEMAko kide berri egin ziren, Gipuzkoako Amezketa eta Elgeta eta Bizkaiako Busturia bezalaxe. Honela, Nafarroan 12 dira erakunde honetako kide diren udalak, 61 Euskal Herri osoan. 1991n osatu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eta Berakoa hamazazpigarren UEMA Eguna izan da. Goizean, UEMAk eta Kontseiluak hitzarmena sinatu zuten, udalen hizkuntza politika elkarlanean neurtzeko eta hobetzeko neurriak hartzeko.
Etxalar eta Berako alkateen solasak
Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak eta Josu Iratzoki Berako alkateak hartu zuten hitza Altzateko plazan egindako ekitaldian. Irisarrik, Etxalarkoa izanik, UEMAn dauden herri nafarrak 12 usorekin konparatu zituen, “libre hegan egin duten herriak, Nafarroako Gobernuak inposatutako hiru eremuen gainetik, hizkuntzak eta naturak ez baitu mugarik”. Josu Iratzoki Berako alkateak adierazi zuenez, Berak UEMAko kide izateko eskatzen den baldintza, bizilagunen %70a euskal hiztuna izatea, betetzen du, “baina zaila da Herriko Etxeko tramitazioetan eta bertzelako eremutan euskara erabiltzea. UEMAn sartuta, hori lortzeko aitzinera bidea eginen dugulakoan gaude”. Garazi Taberna eta Ioar Tainta bertsolariek ere bere ekarpena egin zioten UEMA Egunari, bina bertsoren bidez.
UEMAko presidentea eta Kontseiluko idazkari nagusia
Jon Bollar, Aulestiko alkatea eta UEMAko presidenteak aipatu zuenez, “euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuen udalerri kopurua hirukoiztu egin da, baina oraindik ere euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko asko dago egiteko. Horren erakusgarri dira Behatokiak udaletan jarritako postontzietan, hizkuntz eskubideak urratu direlako jasotako 200 kexak, Nafarroan 20 baino gehiago. Horiek gertatzen diren urraketen zatitxo bat besterik ez dira”. Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea ere eskatu zuen UEMAko presidenteak. Xabier Mendiguren, Kontseiluko idazkari nagusiak jakinarazitakoaren arabera, Kontseiluak duela hamabi urte sortu zenetik Bai Euskarari leloa erabili badu ere, hemendik aurrera Euskaraz Bai erabiliko du “bai esatea baino zerbait gehiago behar duelako euskarak, ikastea eta erabiltzea batez ere”. Kontseiluak arlo ezberdinetan lan egiten badu ere, Mendigurenen ustez “Udalak eguneroko bizitzarako tresna oso garrantzitsuak dira, hurbilekoak eta horregatik, udalak pixkanaka euskalduntzen baditugu, etorkizuna hortik dator”.