Gidatzeko baimena ateratzeko Donostian azterketa teorikoa euskaraz egin duten lehenbiziko hiru ikasleak Berakoak dira. Hain zuzen, Semper autoeskolaren eskutik, Ruben Zapiain eta Gorka Tolosak apirilaren 16an gainditu zuten euskarazko azterketa, lehenbizikoan, eta bertze horrenbertze egin zuen apirilaren 30ean Unai Igoak.
Lehenbiziko aldiz
Semper autoeskolako Carlos Semperrek aipatu digunez, “Debagoienako Mankomunitateak atera zuen materiala aspaldian euskaraz eta gure inguruan orain ikasle gehienak euskaraz ikasitakoak direla kontuan hartuz, hemen erabiltzea pentsatu genuen”. Bizkaian horrelako esperientziarik izan den ez daki eta beharbada Azpeitian ere egin dute noizbait, baina Donostian eta Iruñean azterketa euskaraz egin duten lehenbiziko ikasleak Semper autoeskolaren eskutik joandako hiru beratar hauek direla uste du.
Ikasleak gustora
Hiru ikasleak ere gustora daude, batez ere hiruak teorika lehenbizikoan atera dutela kontuan hartuz. Unai Igoak 16 urte ditu eta, 18 urte bete arte praktikoa egiteko asmorik ez badu ere, moto eta kotxearendako teorika atera zuen lehenbizikotik eta kontent dago. Beti euskaraz ikasi duela kontuan hartuz, autoeskolan teorika euskaraz egiteko zegoela erran ziotenean, ez zuen bitan pentsatu. Hilabete terdiz klase guztiak euskaraz jaso ondotik, azterketa ere euskaraz egin eta gainditu egin zuen.
Ruben Zapirainek 21 urte ditu eta kotxearen teorika atera zuen. Autoeskolako ikasketak gazteleraz hasi bazituen ere, gero euskaraz hasi zen, hobekiago ulertzen baitzuen. Euskaraz ikasi duen jendeari hori egitea aholkatzen die, errazago gaindituko dutelakoan. Hori bai, azterketan hitzen bat ez zuela ulertzen eta aztertzaileengana jo zuenean, hauek ez zekitela euskaraz ikusi zuen. Gainerakoan, ez zuen arazorik izan eta orain, praktikoa prestatzeko asmoa du.