Egunotan bizikletaz ibiltzeko eta bide heziketaren inguruko tailerrak egin dira Lesakan, Added-Value-Intelligent Energy Europe proiektuaren barrenean. Lehenik, ekainaren 9an, programaren aurkezpena egin zuen Lesakako udalak eta ekainaren 10ean, asteazken arratsaldean, tailerrak egin ziren.
Segurtasuna helburu
Tailer hauen helburua haur eta gaztetxoei gure herrian bizikletan behar bezala ibiltzen eta hartu beharreko segurtasun neurriak zein diren erakustea da eta horretan aritu zen Oraintxe enpresako Iker. Hain zuzen, Oraintxe enpresak mensajeria lanak egiten ditu Iruñean eta hiri barneko garraio gehienak bizikleta erabiliz egiten dute. Oinarrizko irizpide eta jarrera sinple batzuen bitartez, haur eta gaztetxoek bizikletaz ibiltzen direnean aurkitzen ahal dituzten arrisku eta betebeharrak ezagutu zituzten konbentuan, hitzaldi batekin eta ikus-entzunekoarekin egindako azalpenean. Bideo baten bitartez segurtasunean hobetzeko neurriak azaldu ziren eta honekin batera arrisku egoera ohikoenak zein diren eta nola ekiditu behar diren azaldu zen
Segurtasun pasikoa eta aktiboa
Segurtasun pasiboaren arloan, bizikletaren egoera, iluminazioa eta arropa, kaskoa eta gisako ezaugarriak landu zituzten eta segurtasun aktiboaren arloan, bidegurutzeak, semaforoak, aparkatutako ibilgailuak, garajeetako irteerak edo oinezkoekiko jarrera, bertzeak bertze. Indarrean dagoen araudia ezagutu ondotik, Lesakatik ibilaldia egin zuten arrisku egoerak atzeman eta identifikatuz. CRANAk utzitako txaloak banatuko dira partaideen artean.
Irain Guraso Elkarteak zirkuitoak ortziralean
Bide Hezkuntzaren inguruan Udalak antolatu dituen tailer hauetaz gain, Irain eskolan ere, ikasturtean teorikoki ikasitakoari ekainaren 12an, ortziral goizeko 10:30etik13:00etara adibide praktikoa jarri diote, Mapfreren eta Semper autoeskolaren laguntzaz jarritako zirkuituekin. Irain eskolako ikasleak, mailaz maila banatuta, Mapfreko adituen aholkuak aditu dituzte eta zirkuitoan barna, trafiko arauak eta semaforoak aginditutako segituz ibilbidea osatu dute. Herriko albintearen azalpenak ere erne segitu dituzte.