Toki-Onako ikasleek irabazi dute Mendialdeko ekoeragileen lehiaketa

Aitor AROTZENA 2009ko ekainaren 11

Toki-Onako ikasleak gustora, Arantxa Arregiren eskutik diploma jaso ondotik. TTIPI TTAPA

DBHko 2.D ikasgelak, Lekunberriko Abentura Parkean egunpasa eginen du irailaren 22an

Berako Toki Ona Institutuko DBHko 2. D mailako ikasleek irabazi dute Nafarroako Mendialdeko ekoeragileen lehiaketa eta horri dagokion saria jaso dute ortzegun goizean institutuan. Arantxa Arregi, Cederna-Garalurreko teknikariaren eskutik diploma jaso dute taldeko ordezkariek eta taldeak sari polita jasoko du, Lekunberriko Abentura Parkean egunpasa eginen baitu heldu den ikasturte hasieran, irailaren 22an.

Teknologia berriak

Aurten, Cederna Garalur Elkartearen Teknologia Berriak arloak eta Europari buruzko informazio gune Europe Direct-ek Internet erabiltzea erabaki dute ikasleek ingurumenaren babesari buruz solastatu, eztabaidatu eta lan egin dezaten, ingurumena izanik Europar Batasunaren lehentasunezko arloetako bat.

4 ikastetxe eta 181 ikasle

Gaia aztertzeko Mendialdeko ekoeragileen lehiaketa proposatu zen eta mendialdeko lau ikastetxek hartu dute parte, Doneztebeko Mendaur BHI, Otsagabiako DBHI, Zangozako Sierra de Leyre BHI, eta Berako Toki Ona BHI. Denetara DBHko 1. eta 2. mailako 181 ikaslek hartu dute parte. Gehien bat ingurumenarekin eta kontsumo arduratsuarekin zerikusia duten gaiak landu dituzte eta Internet erabiliz, horren inguruko foroak sortu eta ideiak proposatu dituzte.

Sari banaketa

Lau ikastetxetan lan bikaina egin dutela azpimarratu ondotik, Arantxa Rodriguez, Europe Direct zentroaren arduradunak, aipatu duenez, ideia horien artean, Toki-Onako DBHko 2.D ikasgelako ikasle guzien lana izan da azpimarratzekoa. Berekin batera, Lorea Jamar Teknolodia Berriak arloko teknikaria izan da sari banaketan eta Toki-Onako ordezkari gisara, Jose Mari Irazoki zuzendaria eta jarduera landu duten irakasleak, Maite Artzuaga, Joxemari Ridriguez eta Mikel Sarasola.

Proposamen guziak Interneten

Ikasleek lehiaketan zehar eman dituzten erantzun eta proposamen guztiak web orrian ikus daitezke. http://www.diadeinternet.garalur.com

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun