Bidasoako Izokinaren Kofrade izendatuko dituzte Martin Goikoetxea beratarra eta Julian Iantzi lesakarra

ttipi-ttapa 2009ko eka. 11a, 16:19
Goiko argazkilari beratarra eta Julian Iantzi telebista aurkezle lesakarra Bidasoako Izokinaren Kofradiako ohorezko kideak izanen dira igandetik aitzinera. TTIPI TTAPA

Kofradiaren XXX. Kapitulua igandean ospatuko da Irunen

Igande honetan eginen da Irunen, Bidasoako Izokinaren Kofradiaren XXX. Kapituluaren ospakizuna. Ekitaldi horretan, bertze zenbait pertsonai ezagunekin batera, kofradiako ohorezko kide izendatuko dituzte Martin Goikoetxea “Goiko” margolari beratarra eta eta Julian Iantzi, telebista aurkezle lesakarra. Ekitaldia Irungo Udaletxean eginen da eta bi bortziritarrekin batera, aurten 25 urte bete dituen Meaka danta taldea, Joxemari Gorrotxategi gozogile tolosarra, Errioxako Ardoaren Kofradia eta Mañu de la Puente kazetari irundarra izendatuko dituzte Bidasoako Izokinaren Kofradiako kide. Goizeko 10:00etan harrera eginen zaie agintariei, kide berriei eta bertze kofradietako ordezkariei Kofradiak Kale Nagusian duen egoitzan eta bertan ardoa dastatu ondotik, Irungo Herriko Etxera joanen dira kalejiran, txistulariekin. Eguerdian eginen da ekitaldi nagusia eta gero, bazkaria izanen dute Hondarribiako Beko Errota jatetxean.

Martin Goikoetxea

Martin Goikoetxea “Goiko” argazkilari beratarra 1949ko maiatzaren 24an jaio zen eta beraz, 60 urte bete berritan jaso du izendapena. Kasik 30 urte daramazki argazkilari lanean eta denbora honetan, batez ere azken hamarkadan hainbat sari eskuratu ditu. 2000 urtean Goya sarietan Zilarrezko Triangelua eskuratu zuen, Uxueko erromeriako argazki batekin. 2003an Paris-Dakarrean parte hartu zuen argazkilari gisara Toyotarekin. 2004an, Iruñeko Sanferminetako kartel lehiaketan finalista izan zen. Bitxikeri gisara, Berako dantzari bati ateratako argazkia zuen oinarritzat kartel harek. Urte hartan, Unescoren Humanity Foto Awards lehiaketaren barnean, Lesakako zakozarrei buruzko argazki-xorta erakutsi zuen Txinan eta urtebete beranduago Japonian. Munduko hainbat leku ikusi ditu eta argazkiak atera, baina Baztan-Bidasoa eta Euskal Herriko jende, paisai, dantzari, inauteri eta olentzeroekin gelditzen da.

Julian Iantzi

Telebistako aurkezle lesakarra 1967an Woodland, Kalifornian jaio zen, bere gurasoak bertan ari baitziren lanean. Iruñeko Canal 4n hasi zen lanean telebistan eta hainbat saiotan aritu da lanean. Euskal Telebistan “Agur Ben Hur” “Basetxea”, “Begia gose”, “Sorginen laratza”, “La flecha amarilla”, “El conquistador del fin del mundo” eta bestetako saioetan aurkezle edo gidari izan da. Horretaz gain, Cuatroko “Brainiac” eta La Sextako “El Muro infernal” saioa ere aurkeztu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun