Lesakako Beti Gazte futbol taldeak berriz ere Gipuzkoako Preferente mailan jokatuko du. Hala, elkarteak 70 urte beteko dituen urtean (1940an sortu zen) Gipuzkoarko Gorengo kategorian ariko da. Horretarako nahitaezko garaipena eskuratu zuen maiatzaren 30ean Mastegin jokatu zuen partidan. Mutrikun 1-0 galdu zuen eta emaitza horri buelta emateko zaleek Mastegiko harmailak bete zituzten eta banderaz, bufandaz eta txarangaz animatu zuten etxeko taldea. Mutrikutik ere zale aunitz hurbildu ziren Lesakara eta giro ederra izan zen. Partida ezin hobe hasi zen Beti Gaztekoentzat, oraindik minutua bete gabe zegoenean Mikel Irigoienek hegaletik egindako jokaldiarekin gola sartu zuenean. Partida hasi orduko kanporaketa berdindua zuten Beti Gaztekoek, baina gutti iraun zuen pozak, mutrikuarrek 18. minutuan buruz egindako gol batekin berdindu baitzuten markagailua. Lesakarrek bi gol sartu behar zituzten promozioa irabazteko, etxetik kanpo sartutako golek balio bikoitza baitute. Lehenbiziko minutuen ondotik, Beti Gaztekoak nagusitzen hasi ziren zelai erdian, Mutrikuk joko zuzena egiten zuen bitartean, bere aurrelarien bila. Beti Gaztekoak aitzinetik jarri ziren markagailuan, Ibai Mitxelenak area ertzetik egindako jaurtiketarekin sartutako gol bikainarekin. Beti Gazteren aldeko 2-1eko markagailuarekin ailegatu ziren atsedenaldira, baina etxekoek bertze gol bat behar zuten kanporaketa alde jartzeko. Hirugarren gol hori Beñat Maiak egin zuen, bigarren zatiko ordu laurdena bete zenean. Baina oraindik ordu erdi falta zen partida bukatzeko. Beti Gaztek nahiko ongi eutsi zien mutrikuarren ahaleginei eta etxekoan laugarrena hurbilago ikusi zen, gipuzkoarren bigarrena baino. Halere, gol bat aski zen kanporaketari buelta emateko eta horregatik azkenera arte sufritu behar izan zen. Epaileak partidaren bukaera adierazi zuenean, eromena nagusitu zen jokalari eta jarraitzaileen artean eta bestak luze iraun zuen Lesakan. Partidan izan zen kiroltasunaren erakusgarri (nahiz eta Mutrikuko zaleren bat epaileak jotzen saiatu), bi taldeek elkarrekin egin zuten afari-berendua.