Ekainaren 15, 16 eta 17 bitartean Vilnan (Lituania) Osasuna sustatzen duten ikastetxeen 3. Konferentzia eginen da.
Bertan, eta Espainia ordezkatzen, Toki-Ona Institutua egonen da, parte hartuko duten Lesakako bi ikaslerekin (Matixa Oteiza eta Blanca Satrustegi) eta irakasle arduradun batekin (Iñaki Gonzalez). Matixak eta Blancak, ikastetxe ideiala izateko ingurumenarekin eta osasun fisiko nahiz sikikoarekin hobekuntzak proposatu dituzte eta horiek defendatuko dituzte Lituanian. Matixa Oteiza eta Blanca Satrustegiren proposamenaren arabera, “sukaldaritza eta sexualitate klaseak” eman beharko lituzkete Toki-Onan.
Adituen eta ikastetxeen kongresuak
Iñaki Gonzalez irakasleak aipatu digunez, “Osasuna bultzatzen duten Ikastetxeen Europako Sare bat bada eta halako jardunaldiak egiten dituzte lau urtetik edo. Gai honen inguruan, bi kongresu paralelo egiten dira. Batean adituek parte hartzen dute eta bertzean, ikastetxeak, eta hor Toki-Onak estatuko ikastetxeen ordezkaritza beteko du”.
Elkarbizitza plana Toki-Onan
Toki-Ona institutuan egiten den elkarbizitza plana hagitz garatua dagoela aipatu digu Iñaki Gonzalezek eta zenbait gatazketan, ikasleak beraiek dira afera konpontzen dutenak. Matixa eta Blanca dira ikasle tutore horietako bi, eta institutuan sartzen diren ikasle berriei integratzen laguntzen diete.