Euskarak elkartzen gaituelako UEMA eguna eginen da larunbat honetan Beran

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 10a

UEMA Eguneko kartelak zuhaitza irudikatzen du. TTIPI TTAPA

Goizean goizetik ekitaldiak izanen dira eta Etxalar eta Bera Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide berri izendatuko dituzte

Euskarak elkartzen gaituelako lelopean urteko besta haundia egiteko Bera aukeratu du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Goizean goizetik izanen dira ekitaldiak. Txistulariak eta txaranga karriketan barna ibiliko dira. 11:15ean herri kirolak izanen dira Altzateko plazan. 11:30ean harrera instituzionala eginen da Kultur Etxean eta 13:00etan ekitaldi nagusia Altzateko plazan. 14:30ean zikiro jatea eginen da Altzateko frontoian eta 15:30ean haurren txokoa zabalduko da Altzateko Ikastolan. Horrekin batera, 17:00etan Pello Añorga ipuin kontalariak “Kontu zahar eta berriak” ipuina kontatuko du Altzateko ikastolan eta 18:00etan dantzaldia izanen da Garraxi taldearekin Altzateko plazan.

Ia 60 udalerri Euskal Herri osoan

UEMA Egunaren aurkezpen ekitaldian astearte eguerdian egin zen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean eta bertan izan ziren Jon Bollar UEMAko lehendakaria, Josu Iratzoki Berako alkatea eta Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea. Bertan aipatu zutenez, gaur egun ia 60 udalerrik osatzen dute UEMA eta beraz, “euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuten hasierako udalerrien kopurua hirukoiztu egin dugu”. Aurten UEMAk 18 urte bete ditu eta UEMA Eguna irudikatzeko zuhaitza hartu dute: “Zuhaitz honen sustraiek euskara nagusi izango den lurrari tinko eusten diote. Gure zuhaitzaren goiko aldean, berriz, kolore eta itxura guztietako irudiak ditugu: betiko euskaldunak, etorri berri direnak eta euskarara hurbildu nahi dutenak, pausu hori eman eta euskaldundu direnak… Euskararekin bat egingo duen oro hartuko dugu gure zuhaitzean, euskara baita elkartzen gaituena”.

Nafarroan 12 orain

1995ean Arantza UEMAn sartu zen eta orain arte Bortzirietako kide bakarra izan da. Udaberri honetan Etxalarrek eta Berak ere sartzea erabaki dute, baita Araitz eta Larraunek ere. Beraz, 12 udalerri nafar daude UEMAn, “ia 16.000 lagun nafar euskararen zuhaitzaren adarretan ibiltzeko”. Bortzirietakoez gain, ttipi-ttapak hartzen duen eskualdean, Areso, Goizueta, Leitza eta Zubieta dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun