Medikuaren etxeko goiko solairuaren erabilerari buruz iritzia bildu nahi du Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 9a

Gai honen inguruko idatzia banatu da etxez etxe udal informazioarekin batera

Hilabetero bezala, Udaleko berriak azaltzen diren informazio orriak jaso ditugu. Tartean, medikuaren etxearen goiko solairuan dagoen etxebizitza alokatzeari buruzko iritzia eskatzen duen idatzia. Udalak uste du eraikin horrek erabilpen bat merezi duela. Hori dela eta, aipatutako idatzian hainbat aukera proposatu dira eraikin horren erabilgarritasunaren inguruan: etxea errentan ematea; ez ematea eta bertze erabilpen bat ematea. Hiru aukera hauek daude eta herritarrak beretzat egokiena dena hautatu behar du, bere iritzia paperean bertan markatuz eta Herriko Etxean entregatuz, edota zuzenean Herriko Etxera deituz eta erranez. Horrela, herritarren botoen arabera hartuko da erabakia.

Otsaileko uholdeak

Otsaileko uholdeak ez dira atzenduak. Kalte haundiak eragin zituzten eta guzien balorazioa egin ondotik, hondamen horiek moldatzeak 62.089,51 euroko kostua izanen du. Udalak, bere aldetik eta inguruko herriekin elkartuz, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza lortzeko eskaera egin dio. Duela bi urteko uholdeen kalteak estaltzeko %100eko dirulaguntzak izan ziren (hauteskunde garaia zen, oroitu). Aldi honetarako, badirudi ez dela diru partida berezirik, eta horrengatik, Udalak Gobernuko bertze departamentuetara jotzea pentsatu du.

Lur trukaketa

Aitzineko legealdian lur trukaketa bati hasiera eman zitzaion. Azkilarrea auzoko Artxamana alderdiko 4. poligonoko 200 eta 161 lur zatiak frontoiaren azpiko aldean dagoen 5. poligonoko 450 lur eremuarekin trukatu dira. Permuta honen helburua, hasiera batean, kirol instalazioak edo zehatzago, igerilekuak egiteko lur egoki bat edukitzea zen. Momentu honetan, ordea, Udalaren arabera, «igerileku bat egitea ez da inolaz ere bideragarria ikusten». Bere hitzetan, «proiektu hori aitzinera eramateko egoe­ra ekonomikoa ez da batere ona herrian, zorpetze maila ikaragarria ekarriko duelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun