Berrizaungo ur deposito berria martxan

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 9a

TTIPI TTAPA

Berrizaun auzoko ur-hornidura sare eta ur deposito berria inauguratu dute dagoeneko. Ur-hornidura sare berria egiteko 423.521 euroko inbertsioa egin da eta Nafarroako Gobernuak %70 eta %80 artean ordaindu du. Berrizaunera ura eramateko 1,8 kilometro tubo sartu da Igantziko deposito berritik eta auzoko ur-hornidura sarea berritzeko 176.947 euroko inbertsioa egin da eta ur deposito berria egiteko, berriz, 246.574 euro erabili dira. Pagocelay eraikuntza enpresak egin ditu lanak eta obren zuzendaritza Santiago Saiz de los Terreros eta Jesus Pachecok bete dute. Herriko depositotik Berrizaungora tuboak sartzeaz gain, desagueak eta bertzelako lanak ere egin dira. Ur-banaketa sarea ere egin da, 18 ur-hartze egin dira, bakoitza bere kontadorearekin, bi sute-aho, bi ureztatze-aho, hiru zatietarako giltza eta desaguea. Berrizaungo ur deposito berriak 102 metro kubiko edukiera dauka, ormigoiarekin egina eta bi baso eta giltzen ganbara duena. Inaugurazio ekitaldia maiatzaren 23an egin zuten, eta han izan ziren Iñaki Goienetxe alkatearen eta udal zinegotziekin batera, Amelia Salanueva Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio departamentuko kontseilaria eta Pedro Pegenaute zuzendari nagusia. Udalaren hitzetan, lan hauek lehenbailehen egin beharrekoak ziren, Berrizaunen ez baitzuten ur banaketa sare bateraturik eta bizilagun talde bakoitzak bere depositoa eta bere banaketa sarea zeukan eta urari ez zitzaion tratamendurik ematen. Orain herriko depositotik ekarriko denez, tratamentua hobetuko da eta ez da ur murrizketarik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun