2006an sortu eta gaur egun 33 bazkide ditu Zerbitzuen Elkarteak. Denbora honetan hainbat ekimen egin ditu: berrerabiltzeko poltsak, egutegiak, eskaparate lehiaketa… Abenduan Olentzero eta Jaiotzen lehiaketan sari berezia eskaini zuten eta martxoan Udaberriko feria. Orain, ekainean, lau lagunentzako afaria zozketatuko dute Sanferminetan. Boletoak elkarteko zerbitzuetan egindako erosketarekin banatuko dira. Abendu aldera, bidaia baten zozketa ere egiteko asmoa dute. Krisi garaian nahiz bertzela, herriko jendeak erosketak herrian egitea da beraien helburu nagusia. Merkatarien ustez, «lesakarren eta ingurukoen beharrak asetzeko haina zerbitzu eskaintzen dira Lesakan eta gure aldetik ahal dugun guzia eginen dugu konfiantzazko eta kalitateko zerbitzua eskaintzeko». Horretarako, etengabe formazio kurtsoak egiten dituzte, paketeria, informatika… Momentu honetan bizitzen ari garen egoera hau da beraien kezka nagusia: «gero eta gehiago nabaritzen ari da krisia eta gure helburu garrantzitsuena lanpostua mantentzea da. Ea pixkanaka denok elkarrekin, aurre egiten diogun egoera honi».