Brea labea

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 9a

Maiatzaren 22an, Nafarroako Parlamentuko Ingurugiro batzordea Alkaiagan bisitan izan zen, Orsak Armasa harrobian ezarri nahi duen brea labearen inguruko jakingarriak ezagutzeko. Parlamentariekin batera, Bera eta Lesakako udal ordezkariak izan ziren, baita hala­ko labe batentzako leku­rik onena ez dela-eta, azalpenak eman zituzten Alkaiaga eta Agerra auzoe­tako bizilagunak ere. Bizilagunek aipatu zutenez, labea etxe atarian daukate eta horrek soinu eta kutsadura arazoak sortuko ditu. Lehen etxea 100 metro baino guttiago­ra dago, baina Alkaiaga, Agerra eta Berako herrigune osoari eraginen lioke. Gaineratu zutenez, sarrera eta irteerak «hagitz eskasak» ditu. Irun aldera joateko lerro jarraia gurutzatu behar du eta Iruña aldera, ikusmen eskasa eta abiadura hartzeko lekurik gabe dago. Sartzeko eta ateratzeko, etorkizuneko Bide Berdearen gainetik pasa beharko lukete kamioiek. Auzotarrek iazko irailean alegazioak aurkeztu zituzten, baina ez dute erantzunik jaso.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun